Aurten ez da Jazpana Festarik izango
Sare sozial zabaldu duten oharraren arabera, aurten ez da Jazpana Fest-ik izango. Arrazoi bat gehiagok behartu dituzte antolatzaileak erabaki hori hartzera.
Sare sozial zabaldu duten oharraren arabera, aurten ez da Jazpana Fest-ik izango. Arrazoi bat gehiagok behartu dituzte antolatzaileak erabaki hori hartzera:
Batetik, errelebo falta: “Urtez urte antolakuntzan jende berria eta iada ez dagoen jendea dago, baina momentu honetan, jaialdiarekin jarraitzeko prest dagoen jendea gutxiago da jarraitu nahi ez duena baino”.
Bestetik, nekea: “Orokorrean nekatuta gaude, urte osoko lana eskatzen du jaialdi honek, eta gelditzeko beharra daukagu”.
Guzti horrekin batera, horrelako jaialdi bat dohainik antolatzeak dituen zailtasunak ere nabarmendu dituzte. “Milaka zailtasun ditu horrelako zerbait antolatzeak, baina batez ete itotzen gaituena, ekonomikoa da, jaialdia doakoa izateak esan nahi du jaialdira arte bermatuak ditugun diru sarrerak udalak zein beste zenbait pribaturengandik jasotzen ditugunak dira, gainerakoa, barratik ateratakoarekin ordaintzen da. Jaialdi hau antolatzean gure nahia ez da dirua irabaztea, ez galtzea baizik. Eta honetan ere, geroz eta zailagoa da dirua ez galtze hori”.
Azkenik, “desilusioa eta desengainua” ere aipatu dituzte: “Jende askorentzat Jazpana oso jaialdi maitatua den arren, ez dugu lortu beste askorengana iristea. Guk iritsi nahi izan dugun hauen artean, erakundeak ere badaude, eta pena handiz konturatzen joan gara guk nahiko genukeena baina estima bajugoan dutela jaialdia zenbaitek, eta guk nahi bezainbeste ez laguntzeaz gainera, oztopoak ere jaso ditugu bertatik”.
Oraingoz ez dute Jazpana Elkartea desegingo, “agian urte honen ondoren zerbait egiteko gogoak hor jarraituko duelako (ez Jazpana Fest den munstrotzarra seguruenik, baina agian zerbait txikixegoa… Nork daki)”.
Jazpana Festan era batera edo bestera parte hartu dutenei eskerrak emanez amaitu dute oharra.