Beñat Garmendia pilotariak etxean jokatuko du finalerdia, igandean
Beasaingo Udalak Aspe eta Baiko pilota enpresekin sinatuta duen hitzarmenari esker, pilota jaialdi erakargarria prestastu du Aspe enpresak iganderako Beasaingo Antzizar Kiroldegian, 17:00etan hasita, pilotari profesionalen bi partida antolatuta. Batetik, promozioko binakako txapelketako finalerdia jokatuko da. Profesionaletara igo berria den eta finalerdietaraino iritsi den Beñat Garmendia beasaindarra ariko da Pello Etxeberriarekin batera. Debuteko egunean aurkari izan zituen Ugalde eta Jaunarena izango dituzte igandean aurkari. 22-20 irabazi zuten orduan Garmendiak eta Etxeberriak.
Etxean jokatzeak sortzen duen urduritasuna eta ilusioa izango ditu lagun Garmendiak. Atzo entrenamendu ona eginda, itxaropentsu dago eta herritarren laguntza eskatu du beasaindarrak iganderako.
Bigarren partida
Bestalde, Xabier Erostarbe urretxuarra ariko da eskuz binakako bigarren partidan, Joseba Ezkurdiarekin batera. Erika Jaka eta Ladis Galarzaren aurka ariko dira nor baino nor.
entradasfronton .com webgunean eros daitezke txartelak edo 661 259 009 telefono zenbakira deituta erreserbatu. Egunean bertan ere salgai egongo dira kiroldegian. 25 euro balio du.