«Dena ematera noa Madrilera, gozatzera»
Igartza Txindoki Tim igeriketa taldeko Amaiur Mariezkurrena Madrilen izango da asteburuan, euskal selekzioarekin Espainiako txapelketa jokatzen. 400 eta 800 metro estiloetan ariko da.
Beasaingo Antzizar Kiroldegiko igerilekuan orduak pasatzen ditu Amaiur Mariezkurrenak (Segura, 2006) eta igerian egindako kilometro guzti horiek emaitza eman dute: euskal selekzioarekin Madrilera joango da gaur arratsaldean, asteburuan alebin mailako Espainiako igeriketa txapelketak jokatzera. Ordiziako Naiara Sarasola igerilaria ere Madrilen izango da asteburuan.
Nola hartu duzu euskal selekzioaren deia?
Ezustekoa izan da, ez genuen espero. Lehenengo aldiz joango da Igartza taldetik igerilari bat euskal selekzioarekin Espainiako txapelketara. 10 neska eta 10 mutil joango gara. Gaur arratsaldean denok batera joango gara autobusez.
Nola sentitzen zara?
Urduri, baina gogoarekin nago.
Zein estilotan eta zein neurritan parte hartuko duzu Espainiako txapelketan?
400 eta 800 metro estiloetan.
Zein duzu helburua?
Sekulako maila dago eta ia ezinezkoa da dominaren bat lortzea, baina dena ematera eta batez ere gozatzera noa, esperientzia hau ez dut inoiz ere biziko. Tope gozatzera noa Madrilera.
Zein duzu estilorik gogokoena?
Krol estiloa.
Zenbat domina lortu dituzu dagoeneko?
Igeriketan 29, eta futbolean ere badauzkat gehiago.
Futbolean aritzeko astirik geratzen zaizu?
Igeriketan hiru egunetan entrenatzen dut eta futbolean bi egun. Azkeneko bi urteetan eskolarteko Gipuzkoako txapeldun gelditu gara Laiotz herri eskolako taldearekin.
Kirol bat edo bestea aukeratu beharko bazenu…
Igeriketa aukeratuko nuke.
Emaitza onak lortzeko asko entrenatu beharko da.
Astean hiru egunetan, ordu eta erdi entrenatzen dut Juantxo Amundarainekin. Egunean 4 kilometro egiten ditut igerian; astean 12.
Distantzia luzeetan aritzen zara. Zer landu behar da horretarako?
Batez ere 200, 400 eta 800 metro egiten ditut, baina 100 metro ere bai tarteka. Fondoa eta potentzia beharrezkoak dira.
Hori lantzeko zer egiten da?
Entrenatu, entrenatu eta entrenatu. Horrela lortzen dira gauzak.
Idolorik baduzu?
Mireia Belmonte eta Katinka Hosszu.
Zein da zure ametsa?
Olinpiar Jokoetara joatea.