Ugaroko ikasleek kolorez eta mozorroz bete dituzte Legorretako kaleak
Legorretan ere ospatzen dituzte inauteriak, eta Ostiral Mehe izaten dute festarako eguna. Ugaro herri ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izan dute herriko kaleak kolorez eta mozorroz janzteko ardura. Jai giro paregabea jarri dute.
Jai giroa nagusitu da gaur arratsaldean Legorretan inauterien ospakizuna dela eta. Azken urteetako ohiturari jarraituz, Ugaro herri ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izan dute inauteri festa antolatzeko eta ospatzeko ardura. Eguraldiak lagunduta, desfilea egin dute lehenik herrigunetik zehar musikaz lagunduta, eta plazako pilotalekuan amaitu dute ibilaldia. Han, kurtsoka banatuta, dantza emanaldiak egin dituzte ikasleek, gurasoak eta herritar ugari begira zituztela. Jaia amaitzeko, txokolatea banatu da bertaratu direnen artean.
Hona hemen desfileko eta emanaldiko irudi koloretsu batzuk: