EHUren Udako Ikastaroak Igartzako jauregian
Ekainaren 7an, 'Fabrikazio gehigarriaren eragina industrian' ikastaroa eta irailaren 12an 'Prebenitu daiteke Alzheimerra? Egungo erantzun bat medikuntzak eta gizarteak partekatzen duten desafio bati' ikastaroa eskainiko dituzte. Martxoaren 29an irekiko da matrikulazioa.
Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroak Fundazioak eta Beasaingo Udalak sinatu duten lankidetza hitzarmena ondorioz, autengo udan EHUren bi Uda Ikastaro egingo dituzte Beasainen, Igartzako jauregian. Izan ere, udalaren asmoa, Igartzako Monumentu Multzoa “ezagutzaren erreferentzia bihurtzea” baita: “Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan, gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune eta hauek Beasainen egiteko aukera eskertu dio alkateak Ikastaroen zuzendariari”.
Itziar Alkorta ikastaroen zuzendariaren esanetan, Uda Ikastaroen Ibiltaria programaren helburuetako bat ikastaroak “euskal geografia osora zabaltzea da, eztabaidak sortzen diren lekuetan aztertzeko gai bakoitza”.
Ekainaren 7an eta irailaren 12an
Ekainaren 7an, Fabrikazio gehigarriaren eragina industrian ikastaroa egingo dute, Iñaki Zabalo Goiherriko Herrien Ekintza Fundazioko zuzendari nagusiaren gidaritzapean. Fabrikazio gehigarriak industrian duen inpaktua aztertuko dute. “Teknologia hauek gero eta aplikazio handiago dute industria sektorean eta negozio ereduei, prozesuei, makinei eta profesionalei eragiten diete. Fabrikazio gehigarriak aukera ematen du produktu berri eta eraginkorragoak sortzeko, pertsonalizatuak eta errespetutsuak ingurumenarekin. Ondorioz, industria arloko enpresa asko prozesu hauek ezartzen ari dira. Ikastaroan, teknologia gehigarrien inpaktua aztertzeaz gainera, gaur egungo prozesuak deskribatu eta diseinu aukerak zehaztuko dira. Halaber, industrian arrakasta izan duten kasu praktikoak erakutsiko dira”.
Irailaren 12an, berriz, Pablo Martinez-Lage neurologoak Prebenitu daiteke Alzheimerra? Egungo erantzun bat medikuntzak eta gizarteak partekatzen duten desafio bati ikastaroa zuzenduko, alzheimerraren prebentzioaren egungo egoera aztertzeeko helburuarekin. “Gipuzkoan martxan jarri diren azterketen eta proiektuen emaitzek –hala nola Gipuzkoa Alzheimer Proiektua, Deban eginiko azterketa epidemiologikoa, Goiz-Beasain narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarrerako programa…– agerian utzi dute euskal herritarren interes bizia beren garun osasuna eta arriskuak ezagutzeko eta gaixotasunaren prebentzioaren ikerketari ekarpen eskuzabal, arduratsu eta solidarioa egiteko Ikastaroak aurre egin nahi dio alzheimerrak erremediorik gabeko fenomeno gisa duen irudi etsiari. Dagoeneko metatu den ezagutzak eta gaur egun martxan dauden ikerketek etorkizun itxaropentsua iragartzen dute, baina beharrezkoa da azterketa gehiago eskala handian egitea, biztanleria lagin askotarikoetan eta era askotako esku hartzeen bidez”.
Martxoaren 29an, programak argitaratu eta matrikula epea zabalduko da. Maiatzaren 31 bitartean matrikulazioaren kostuan beherapena izango da.