Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik larruzko paletako finala jokatuko dute, ohorezko mailan, eta Xabier Ibargurenek eta Imanol Olaranek pala motzekoa, EH Ligan.
Oianguko bi bikotek Euskal Herriko txapelketako finalak jokatuko dituzte asteburuan. Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik larruzko paletako finala jokatuko dute, ohorezko mailan, eta Xabier Ibargurenek eta Imanol Olaranek pala motzekoa, EH Ligan. Ibargurenek eta Olaranek zuzenean sailkatzea lortu zuten, ligaxkako partida guztiak irabazita. Andonegik eta Luzuriagak, ordea, finalerdietan sufrituta lortu dute finalerako txartela. Tanto bakarreko aldearekin hartu dituzte mendean Errenteriako EPLEko bikotea (35-34), Ordizian.
Neurketa borrokatua eta parekatua jokatu dute Luzuriagak eta Andonegik. Aurkariek gauzak oso zailak jarriko zizkietela gauza jakina zen, baina partida are zailago jarri zitzaien, 15. tantoan, Andonegik bizkarrean min hartu zuenean. Hala ere, Andonegik maila bikaina eman zuen eta Luzuriagak bikotearen ardurari heltzen jakin zuen.
Partidaren amaieran, egindako lanaren aitortza egin zioten elkarri bi bikoteek. EPLEkoentzat txapela eskuratzetik tanto bakarrera gelditzea mingarria izan arren, jakin zuten kirol legezko keinu ederra egiten, eta lau pilotariek elkar besarkatu zuten.
Joan den larunbatean, beste bi finalerdi ere jokatu zituzten Oianguko beste bi bikotek, baina ezin izan zuten finalerako sailkatzea lortu. Beñat Ibargurenek eta Zuhaitz Letamendiak 40-29 galdu zuten Armintzaren kontra, pala motzean, ohorezko mailan. Oiangukoek ez dute datorren asteburuan txapelarengatik borrokatuko, baina maila gorenean jokatzeko bikote oso lehiakorra osatzen dutela frogatu dute.
Larruzko paletan, EH Ligan, finalaren atarian gelditu dira Garikoitz Arrieta eta Martin Mendikoa ere. 35-25 galdu zuten Oiangukoek Sopelako Kureneren kontra. Alde handia lortu zuten aurkariek partidaren hasieran. Etxekoek erreakzionatu eta tartea murriztea lortu zuten arren, beranduegi iritsi zen erantzuna, eta bizkaitarrak sartu ziren finalean.
Euskal Herriko txapelketan oso emaitza ona eskuratu du Oianguk txapelketaren bi mailatan eta bi jokamoldetan bikote bana azken faserako sailkatuta. Orain, bi txapelekin borobildu dezake jada txalotzekoa den lana.