Udal hauteskundeetarako Goierriri 208 zinegotzi egokitu dizkio Espainiak
2018ko urtarrilaren 1eko erroldak zehaztuko du udalkide kopurua. Ordizia 17ra igoko da. Mutiloak eta Zerainek zazpiei eutsi diete. Ezkio-Itsaso udalerri bakartzat jo du, zazpi zinegotzirekin.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako joko-mahaia ari da zehazten. Jokalari kopurua finkatu dute orain. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak atzo argitaratu zuen udalerri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua. Goierrin, 208 udal hautetsi aukeratuko dira.
Zuzenbideko biztanleriarako, 2018ko urtarrilaren 1eko erroldak hartu du aintzat, «Espainiako Gobernuak onartuta azken zifra ofiziala». 250 bizilagunera arteko udalerriek 5 zinegotzi izango dituzte; 251 eta 1.000 bitartekoek zazpi; 1.001 eta 2.000 artekoek 9; 2.001-5.000koek 11; 5.001 eta 10.000 tartekoek 13; eta 10.001etik gorakoek 17.
Ordiziak 10.000 biztanleko muga gainditu duenez, 17 zinegotzi izango ditu. Mutiloak eta Zerainek, bi bizilagunengatik eutsi die zazpiko udalbatzei. Itsasoren desanexioa ez du aintzat hartu Espainiak, eta Ezkio-Itsaso bakartzat aurkeztu du.