Greba bat, hamaika borroka
Greba feminista egingo dute emakumeek, etzi, historian bigarren aldiz. Kontsumo greba ere bada, eta ikasleek ere bat egin dute. Goierri beheko manifestazioa Lazkaora egingo da.
Martxoaren 8ak ekintza bidezko aldarrikapen zentzua hartuko du, etzi, bigarren aldiz. Iazko bidetik, festari eta babes-eske mezuei gain hartuta, aitzindaritza hartuko dute emakumeek. Lana uztera eta kaleak hartzera dei egin die mugimendu feministak andrazko guztiei, izan soldatapekoei, izan doakoei.
«Greba feminista egiteko, zoritxarrez, arrazoiak soberan ditugu», adierazi du Lazkaoko Talde Feministak. Izan ere, Lazkao bihurtuko da ostiralean Goierri beheko bilgune. Han bukatuko da protesta-manifestazioa, eta burutuko dute ekitaldi nagusia.
Hiru zutabetan abiatuko dira emakumezkoak eta kausarekin bat egiten duten guztiak Lazkaorantz, 18:30ean. Ordiziatik, Beasaindik eta Lazkaotik bertatik. Senperen batuko dira hiru uholdeak, eta denak elkarrekin, Lazkaora zuzenduko dira.
Lantoki, ikastetxe, zerbitzu eta etxe mailan ere lana uzteko eskatu du mugimendu feministak, ostiralerako. «Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die: indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, sexuaren araberako lanen banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei», adierazi dute Talde Feministako Laida Begiristainek.
Bost ardatzetan oinarritu dute greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Azken horri loturik, etzikoa kontsumo greba ere badela gogorarazi dute: «Ez kontsumitzeko deia egiten dugu. Martxoaren 8an eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu. Dena itxita egotea da helburua».
Egun osoan ekimenak
Topaketa handiena iluntzean Lazkaon izango bada ere, eskualdeko herri guztietan antolatu dituzte jarduerak, egunean zeharrerako. Lapiko-jotzea izango da aldarrikapenaren hotsezko ikurra, eta mantalak balkoian zintzilikatzea irudia. Elkarretaratzeak iragarri dituzte herrietan, eta bazkariak ere egingo dituzte emakumeek, norberak etxetik eramandako janarekin.
Deia, berriz, «emakume, trans eta lesbianei» egin diete, «heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu anitzak». «Zapalkuntza mota askotakoek batzen gaituzte, eta, horren aurrean, sare feminista ehunduko dugu».
Lantokietan eta ikasgeletan greba eginda —ikasle mugimenduak ere bat egin du—, mobilizazioetan parte hartuta, zainketari utzita, norbere arloan greba antolatuta, edo besoko morea eta txapa ipinita parte har liteke.
Gizonezkoei, bestetik, grebarekin bat egin nahi badute, «lanera joatea, eta etxeko eta zaintzako lanez arduratzea» dela euren egitekoa gogorarazi die mugimendu feministak. Manifestazioan, «bigarren planoan» kokatzeko eskatu diete. «Martxoaren 8an protagonismoa emakumeona da».
«Bizitzak erdian»
Beasain-Ordizia-Lazkaoko manifestazioak Bizitzak erdigunean izango du lelo. Koloka-egoeretatik irtetea eskatuko dute, izan lan munduan, izan emakumeek beste eremu edo arlo askotan dauzkatenetan. «Gu guztiontzako bizitza jasangarriak nahi ditugu».
Arrazakeria, kololialismo, indarkeria matxista eta «heteroaraurik» gabeko bizitzak galdegin dituzte. Iaz, bi haur eta 9 emakume hil zituztela gogoratu dute.