Iazko olatutik sortutako Matraka
Legazpin Onfire talde feministaren lekukoa hartu du Matraka taldeak. Taldea aurreko urtean sortu zuten Emakumeen Eguneko olatuak emandako indarraz. Saretzea dute helburu nagusia.
Ez da Legazpin egon den lehenengo Matraka taldea. Izan ere, izena garai bateko Gaztetxean sortutako talde feministatik hartu zuten. Matraka hau, alabaina, egungo Matraka da. Legazpiko emakumezkoak saretu nahi dituena da, helburu xumeak ipar, ibiltzeari utzi nahi ez dion emakume taldea da eta ibilaldi horren helmuga plaza izan dadila nahi dute, non emakumeak elkartuko diren. Plaza horretan emakumezko bakoitzak bere tokia izango du eta dagozkion eskubide guzti-guztiak. «Ez da bide erraza», diote Matrakakoek, «baina ea borroka hau nolabait errotzen den gizartean».
Matrakako kideek antolatu dituzte etziko ekintzak Legazpin, baita larunbatean izango direnak ere, aurtengo Emakumeen Eguna ez baita Martxoaren 8ra mugatuko eta biharamunean ere emakumeak elkartuko dira, hain zuzen emakumeak direla elkarrekin ospatzeko.
Egunon prestaketarekin «na-hiko lan» izan dutela diote, nolanahi ere «ilusio handiz» aritu direla gehitu dute.
Biharkoa aldarriaren eguna izango da. Kazerolada eta manifestazioa egingo dituzte. Halaber, emakumeen arteko saretze lan horretan sakontzeko baliatuko dute eguna. Hegialden hasiko da kazeroladaren ibilbidea eguerdian eta Santikutz adinekoen egoitzan geldialdia egingo dute. «Belaunaldiak batzeko elkartrukea egin nahi dugu han, zubi sinbolikoa eratu. Egoitzan dauden emakumeek horma irudi bat egingo dute eta guk brotxe batzuk emango dizkiegu. Ekintza horrekin zaintzari aitortza egin nahi diogu».
Martxoaren 9ak, larunbatak, izango du aldarritik, baina jai giroa zabaldu dadila nahi dute Matrakako kideek. Bazkaria antolatu dute Azokan; Hare Haizeakoek egingo dute bazkaria, elkarte horrekin ere elkarlanean aritu dira, saretzen, alegia.
Saretzen, saretzen
Iratzarri elkarteari saria emango diote. «Iratzarrikoek ez dute sekula saririk jaso», azpimarratu dute Matrakakoek. «1980ko hamarkada hasieran sortu zuten elkartea eta sekula ez zaio aitortzarik egin, bada garaia». Iratzarri eta Matraka: beste saretze ekintza bat.
Larunbateko ekintzei amaiera emateko Hotz Legazpikoekin batera antolatutako dokumental emanaldia izango da Latxartegi aretoan; Legazpiko Zineklubak ere parte hartu du antolaketa lanean. Beste bi talde: saretzea. «Dokumentalaren gaiak denok ukitzen gaitu emakumeak eta gerra ardatzak baitira», diote Matrakatik. Filma Comandante Arian (Alba Sotorra, 2018) da eta emakume kurduek Siriako gerran duten rolaz mintzatzen da zuzendaria hango egoera bertatik bertara bizi eta gero.
Saretzea da Matrakaren helburu nagusia eta bistan da ari direla M8aren egitaraura bildu dituzten elkarteak eta taldeak ez baitira gutxi. Atzo Matrakakoek ezin asmatu zuten grebak Legazpin izango duen jarraipena, jakin bazekiten industria ez dela geratuko nahiz eta emakumezkoek planto egitea espero zuten, «lantegietan ez dute grebarako deialdirik egin».
Matrakakoak greba deialdia zabaltzen ari ziren atzo eta jendearen aldetik ezjakintasun puntu bat sumatu zuten, «greba egunean seguruenik bestelako informazioa izango dugu». Egiteko asko dagoenaren jakitun dira. Lanerako prest daude, helburu xumeak dituzte, pausoka, baina geratu gabe doaz. Antolatu dituzten ekintzei darien ilusiotik animatu nahi dituzte legazpiarrak parte hartu dezaten.