Berdintasun politikak sustatzeko konpromisoa
Goierri garaiko udal ordezkariek Martxoak 8 Emakumearen Egunaren harira adierazpen instituzionala egin dute. Bailarako udalen konpromisoak aletu dituzte
Goierri garaiko lau udalen izenean Martxoak 8 Emakumeen Egunaren harira adierazpen instituzionala egin zuten atzo Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Joxi Etxezarreta Ezkioko alkateak eta Arantxa Gonzalez zein Antzine Biain Zumarragako zinegotziek, PSE-EEkoa eta EH Bildukoa hurrenez hurren. Adierazpena Legazpiko udaletxean egin zuten, eta bertan aletu zituzten konpromisoen artean lehenengoa berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak gauzatzea izan zen.
Halaber, eta aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioen ardatza zaintza izanda, zaintza lanak udalen politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoa hartu zuten. Bide batez, lau udalek bailarako mugimendu feministak deitutako greba dela eta, udaletako emakumezko hautetsiei eta langileei greba egiteko erraztasunak emango dizkietela nabarmendu zuten.
Urretxuko alkate Jon Luquik konpromiso horiek guztiak aletu aurretik, Koldobike Olabide Legazpiko alkateak eta Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariak emakumeen aldarrikapenekin bat egin zuen, baita Bizitzak erdigunera! leloarekin ere. «Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu», esan zuen. Emakumeen lan prekarietatea eta pobrezia salatzea «ezinbestekotzat» jo zituen, «indarkeria matxista guztien aurka egitea eta bazterketari zein arrazakeriari uko egitea».
Zumarragako zinegotzi sozialista Arantxa Gonzalezek, berriz, «zaintza lana eremu pribatutik atera» behar dela aipatu zuen, «Zaintza nahiz etxeko lanen ardura sozializatu behar dira».
Amaitzeko Joxi Etxezarreta Ezkioko alkateak «herritar guztientzat» antolatutako egitarauen ekintzak zerrendatu zituen eta, zerrenda hori egiten, Antzine Biain Zumarragako Udaleko EH Bilduko zinegotzia izan zuen bidelagun. M8ko mobilizazioetan eta antolatutako ekintzetan modu aktiboan parte hartzeko deialdia egin zieten Goierri garaiko udalerrietako bizilagun guztiei.