Elikatu maite duzun hori
Errigora egitasmoak olioa eta kontserba ontziak saltzeko kanpaina berria jarri du martxan, ‘5 urte maite duguna elikatzen’ lemapean. Eskaerak hil honetan egin behar dira, online eta ohiko tokietan.
Arduraz kontsumitu, arduraz ekoitzi, arduraz elkartrukatu. Hala dio Errigoraren kanpaina berria iragartzeko egin duten bideoak. Izan ere, bost urte egin ditu egitasmo horrek «Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura» zabaltzen. Epe horretan, 240.000 litro olio eta 700.000 kontserba ontzi baino gehiago banatu dituzte. Nafar Erriberako nekazarien ekonomia ez ezik, Nafarroako hainbat euskalgintza proiektu bultzatzeko ere balio izan du.
Gaur hasi eta hilaren 22ra arte eskatu ahal izango dira Errigora egitasmoko olio botilak eta kontserba potoak. Oliba-olio birjina estra bost litroko ontzietan dator; lau barietate ezberdinetako lotea ere hartu daiteke. Kontserbak 12 ontziko sortetan eskatu behar dira. Aurtengo berrikuntza nagusia, Alcaravan herrian ekoitzitako arroza izango da; ohikoa eta ekologikoa daude aukeran, kiloko 12 paketetan eskatu behar da. Helduentzako nahiz umeentzako kamisetak ere atera dituzte. Olioak eta kamisetak apirilean zehar banatuko dituzte; kontserbak eta arroza, berriz, maiatzean.
Eskaerak ohiko puntuetan banatu duten eskuorria beteta edo errigora.eus webgunean egin daitezke. Arroza, webgune bidez bakarrik salduko dute. Olioak eta kontserba loteak herri bakoitzeko ohiko puntuan jaso ahal izango dira.