Ferian ere emakumea oinarri eta euskarri
Ardi eta ahuntz gazta berriaren denboraldia hasi da, eta loreak ugaritzen hasi dira inauterien biharamunean. Emakume saltzaileen kopuruan ere erreparatu behar da Martxoaren 8aren atarian.
Fama txarra du berez hauster eguneko feriak, «diru guztiak inauterietan gastatuta edo» zioten goizean goiz. Askotan gainera, eguraldi tristea ere tokatu izan da. Atzokoa, beraz, zorioneko salbuespentzat jo daiteke. «Fundamentu gutxirekin» hasi bazen ere, 11:00ak aldera jende dezente agertu zen, eta eguraldi epela lagun, poliki saldu zutenekoa adierazi ziguten hainbat saltzailek. Eguraldiak lagunduta, loreen salmenta ere gora doa.
Gazta denboraldi berria
Hasi da gazta berria. Ardi gaztari dagokionez, esan digute oraindik ere aukera zabaltzen joango dela astetik astera . Egin eta bi hilabetetara saldu daiteke, ez aurretik eta ia gazta postu guztietan eskaintzen dute. Aralarko, Urbasako, Andiako eta Urbiako larreetan ibilitako ardien gaztak dira, eta kiloa 18-19 euroko prezioan dira salgai.
Ahuntz gazta berria, berriz, Aldaba Zaharrekoak etxe inguruko larretan ibili ohi diren alpino ahuntzen esnearekin egina da, fresko-freskoa, kiloa 22 euroan; 200 gramuko gazta txikiak egin ohi dituzte, 4,5 euroan bakoitza.
Gainerakoan, aukera handia da: ardi gazta zaharra iazkoa eta duela bi urtekoa, 17-22 euroan kiloa; behiarena 10-15 euroan kiloa; nahasia –behi eta ardi esnea– 12-14 euroan kiloa; eta Zuberoako, Errioxako eta abarreko ahuntz gazta, 16-20 euroan kiloa.
Aurten apirilaren 24an egingo da ardi gazta berriaren aurkezpen ofiziala udaletxean.
Postuak emakumeen esku
Atzo mahaiz mahai emakumeen presentzian erreparatu genuen eta zenbakiak, berez, oso adierazgarriak dira. Feriako 33 postuetatik 23 emakumezkoen esku daude (%70), gehienetan emakumezko bakarraren esku gainera. Salbuespenen bat bada, lagun egitera etorritako ahizpa, alaba edo lagunen bat tarteko. Beste bost postu mistotzat (%15) har daitezke, gizonekin partekatutako postua, etxekoa edota langileren bat tartean bada. Eta bost postu soilik daude gizonezkoen esku (%15). Horietako hirutan bakarra dago, eta bitan bina lagun.
Aurrez egin beharreko lanei dagokienez ere, emakumezkoen eginkizuna ezinbestekoa da, bai baratze lanetan edo barazki biltze eta prestaketan, bai ogigintzan… Gizona laguntzailetzat dutela ere aitortzen dute, lurra prestatzen bereziki, edo lanaldi bete-betean. Ez dugu alferrik Goizane azoka zain fina!