Gazteek ez dute inauteririk gabe berehala geratu nahi
Lazkaon eta Legorretan inauteri festak ospatuko dituzte, larunbatean. Gazte asanbladek antolatu dituzte bietan herri mailako egitarauak. Mozorrotuta irtengo dira kalera; bazkariak eta kontzertua ere badituzte.
Tolosako inauteri ospetsuen bestondoa oraindik erabat uxatu gabe dagoen honetan, Lazkaoko eta Legorretako gazteek ez dute oraindik festa-baraurik egin nahi. Inauteriak pasatu eta astebetera, bi herrietako gazte asanbladek ikuskizuna jarriko dute, mozorrotuta, larunbatean.
Lazkaotarrak 13:00etan elkartzeko hitzordua ipini du Lazkaoko Gazte Asanbladak. Trikitilariekin kalejiran ibiliko dira, mozorrotuta, noski. Disfrazatzeko gaia ofizioak hartu dute aurten; norberak nahi edo ahal duen bezala jantzita irtengo dira, lanbideen aterkipe zabalean.
Lagun arteko bazkaria Amebi sagardotegian egingo dute, 14:30ean. 80 bat gazte batuko dira otorduan. Arratsean, atzera Lazkaoko kalera itzulita, R Ke R elektro-txarangarekin alaituko dute plaza aldea. Gauean, 23:00ak aldera, karaokea jarriko dute Antsoategi tabernan.
Legorretan, gaia libre
Gazte Piku gazte asanbladak, bere aldetik, Tolosako inauterien ondorengo larunbatarekin ahaztu gabe, prest dauka Legorretako inauteriaren egitaraua. Etzi ospatuko dute han ere.
Haurrentzat jolasak antolatuko dituzte lehenik, 11:30ean. Bazkaria gaztetxean dute, 14:30ean. 30-40 bat lagun elkartu ohi dira urtero. Mozorrotuta irtengo dira legorretarrak ere; horretarako gaia libre dute.
Iluntzean, desfile musikatua egingo dute kalean barrena, 18:00etan hasita, inaute-giroa zabaltzeko. Eguna bukatzeko eta gauari ekiteko, 23:00etan Hell Riders taldeak kontzertua joko du, gaztetxean.