Goma gaineko sokatira txapelketa mistoa etzi jokatuko da Gabirian
Alkainburu pilotalekuan izango dira tiraldiak, 17:00etan hasita. Launa gizonezkok eta emakumezkok osatutako taldeak ariko dira lehian, txapelketako azken saioan.
Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa larunbatean Gabirian bukatuko da. Modalitate mistoan jokatuko da aurtengo azken txapela, zortziko taldeekin. Alkainburu pilotalekuan izango dira tiraldiak, etzi 17:00etatik aurrera. Aurreneko aldia da sokatirako txapelketa ofiziala Gabirian izango dena.
Launa gizonezkok eta emakumezkok osatutako taldeak ariko dira lanean, zortzi tiralari 580 kiloren barruan. Zazpi taldek neurtuko dituzte indarrak Gabirian, Euskal Herriko mistoko txapelaren bila: Bizindar (Aiaraldea, Araba), Gaztedi A eta Gaztedi B (Laukiz, Bizkaia), Ibarra (Gipuzkoa), eta Antsoain, Berriozar eta Beti Gazte (Lesaka) nafarrak.
Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu du txapelketa. Pisaketa 14:00etatik 15:30era egingo dute, eta lehiaketa 17:00etan hasiko da. Denek denen aurka tira egingo dute.
Beti Gazte eta Gaztedi, goitik
Goma gaineko sokatira txapelketak urtarrilaren 12an hasi ziren, Gernikan. Zazpi modalitate dira, eta harrezkero sei txapela izendatu dituzte. Gizonezkoak 680 kiloan, 640an, 600an eta 560an lehiatu dira. Beti-Gazte lesakarrak jantzi ditu lehen hiruretan txapelak, eta Laukizko Gaztedik azkenekoan.
Emakumezkoak 540an eta 500ean aritu dira. Bi txapelak Gaztedik lortu ditu. Guztira, beraz, hiruna titulu dauzkate bi klub indartsuenek. Gabirian etzi desorekatu daiteke balantza.