Ipuinen ahozko narrazio lehiaketak irekiko du Ahozkotasunaren jaialdia
Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu dute Ordizian egingo den Ahoz-aho ahozkotasunaren jaialdia. Gala nagusia datorren martxoaren 29an egingo dute Barrenan
Ordizian antolatzen den Ahoz-aho Nazioarteko Ahozkotasun jaialdiaren aurkezpena egin zuten pasa den ostiralean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Aurkezpenean egon ziren May Gorostiaga Intujai antzerki taldeko kidea eta jaialdiko antolatzailea, Patxi Puñal KM Kulturguneko zuzendaria, Joseba Aranburu Ordiziako udaleko kultur zinegotzia eta Joxemari Carrere kontalaria. Aurtengo jaialdia Kontatu Gurekin VII. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketarekin zabalduko da, larunbatean, martxoaren 9an, 19:00etan, Ordiziako D’elikatuz zentroan. Irabazleak gala nagusira joango dira.
Jaialdiak, kontalaritza ardatz hartuta, ahozkotasunaren beste adierazpen batzuk ere eskaini ohi ditu, hala nola, kantuak eta bertsoak. Puñalek Aldundiaren izenean, «halako kultur ekimenen garrantzia» goraipatu, eta «ahozkotasunaren garrantzia» ere azpimarratu zituen. Bide beretik mintzatu zen Aranburu zinegotzia: «Ordiziako kultur bizitzaren ekitaldi garrantzitsuenetakoa da». Halako ekimenen garrantzia nabarmendu ondoren, Barrena Jauregian martxoaren 29an egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusira gonbidatu zituen herritar guztiak.
Gorostiaga antolakuntzako kideak egitarauaren xehetasunak eta parte hartuko duten artisten ezaugarriak zehaztu zituen: «Partaide gehienak Euskal Herrikoak dira, baina nazioarteko hiru partaidek ere aurkeztuko dituzte euren ikuskariak».
Kolonbiako Nikolas Buenaventura, Venezuelako Ruben Martinez eta Kubako Marieta Sanchez aurtengo Ahoz-aho txapelketan egongo dira, «hirurak arras ezagunak eta ibiliak kontalaritzaren nazioarteko zirkuituetan», gehitu zuenez.
Bi ikastaro
Programatuta dauden emanaldiez gain, antolatu dituzten bi kontaketa ikastaroen berri ere eman zuten: «Bata haurrei zuzendua dago eta Maider Alzelaik emango du. Bigarrena, berriz, helduei zuzendua egongo da eta Ruben Martinez venezuelarrak gidatuko du».