Aurremantalak plazan zabalduta
Txistulariek girotutako kalejira, elkarretaratzea eta dantza emanaldia egin dituzte Zaldibian. Eguerdiko ekitaldiak elkarrekin plazan bazkalduz osatuko dituzte.
Dozenaka emakumezkok parte hartu dute gaur eguerdian Zaldibian Martxoaren 8ko greba feministaren deialdiarekin bat eginez antolatu diren mobilizazioetan. Txistulariek girotutako manifestazio batekin herria zeharkatu ondoren, ordu laurden bateko elkarretaratzea egin dute plazan, eta greba erabatekoa dela irudikatzeko, aurremantalak plazan zintzilikatuta utzi dituzte. Dantza saio labur baten ondoren, plazan bazkaltzeko deia dago egina, norberak etxetik ekarritako otorduarekin.
Bazkalondorenean bertso musikatuak izango dituzte, 16:00etan Beti Gazte elkartekoekin kantu saioa eta segidan tribial feminista. Arratsalde partean, Goierri behean egingo den hiru zutabeko manifestazioan parte hartuko dute, Ordiziatik abiatuta. Greba deialdiak eragin nabarmena izan du Zaldibian, udalean, komertzioan eta Lardizabal herri eskolan batez ere.