Plaza bete jende Ordizian, berdintasuna aldarri
Ehunka emakumek goraino bete dute Ordiziako plaza. Hetero-araurik, indarkeriarik eta arrazakeriarik gabeko bizitza anitzak izateko eskubidea aldarrikatu dute
Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez, ehunka emakumek bete dute gaur Ordiziako plaza, Heteropatriarkatu kapitalistari planto zioen pankartaren atzean. Bilkuran, zapalkuntzaren eta arrazakeriaren kontrako mezu eta kartelak ere ikusi ahal izan dira.
Orduerdiko bilkura egin dute, eta bukaeran, mugimendu feministaren mezua irakurri dute. Bertan, emakumeen “prekarietatea lan mundutik haratago” doala salatu dute, eta “bizitzak erdigunean” jartzeko beharraz ohartarazi. Bestalde, “indarkeria matxistarik eta hetero-araurik gabeko bizitza anitzak” aldarrikatu dituzte. Bereziki gogoan izan dituzte ” grebarako eskubiderik ez dutenak eta egoera prekarioetan etxe barruko zainketetan” ari diren emakumeak, baita “lan-baldintza duinengatik borrokan eta greban diharduten zaharren egoitzetako emakumeak” ere.