Eskolarteko mendi ibilaldi neurtua egingo dute igandean Beasainen
Bi ibilbide izango dituzte mendizaleek aukeran: ibilbide luzekoak Usurberaino joango dira, eta motzekoak Agortaraino. Gernika pasealekuko pilotaleku txikitik abiatuko dira partaideak.
Mendizale gaztetxoz beteko da igandean Beasain, aurtengo eskualdeko eskolarteko ibilaldi neurtua bertan egingo baita, Aizkorri mendizale elkarteak antolatuta. Gernika pasealekuko pilotaleku txikian elkartuko dira mendizaleak eta 08:30a eta 09:00ak bitartean egingo da irteera.
Mendizaleek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 3 ordu eta erdian egitekoa den 11 kilometrokoa eta 2 ordu eta erdian egitekoa den 8,8 kilometrokoa. Igartza monumentu multzoaren ondotik, Loinatz ermita aldera joango dira mendizaleak. Handik gora, udaberria iragartzen duten loreak lagunduta, Agortaraino iritisko dira.
Ibilbide luzea aukeratzen dutenek Usurbera (703 m.) igo beharko dute. Jaitsiera, Otaño eta Olazar baserrietatik dute. Agortan egokituko dute hamaiketakorako gunea. Ibilbide osoan zehar, basoez, landareez, hegaztiez eta paisaiaz gozatzeko aukera izango dute mendizaleek. Bidean iturririk ez dagoenez, ura norberak etxetik eramateko gomendatu dute antolatzaileek.
Mendi ibilaldiaren amaieran, txorixo eta gazta ogitarteko txiki bana eskainiko diete antolatzaileek parte hartzaile guztiei.