Hector Sanchezek irabazi du Eire-Bankoa xake txapelketaren 20. edizioa
Markel Vesga 12 urteko mutiko legazpiarrari irabazi dio finala. Herriko onena Unai Elias gaztetxoa izan da. Eire Saria Asier Imaz legazpiarrari eman diote, bere lan on eta laguntzagatik
Hector Sanchez azkoitiarrak irabazi du Eire-Bankoa xake txapelketaren 20. edizioa. Finalean Markel Vesga 12 urteko legazpiarrari nagusitu zaio. Hirugarren postuan Egoitz Irure sailkatu da eta laugarrenean Aitor Gallastegi. Herriko onena Unai Elias gaztetxoa izan da eta herriko bigarren onena, berriz, Juan Jose Muñoz. Eire Saria Asier Imaz legazpiarrari eman diote.
Finala igandean jokatu zuten, Eire tabernan. 40 bat ikusle elkartu ziren. Batzuk kanpotik etorri ziren. «Markel Euskadiko Federazioko entrenatzaile batekin lan egiten ari da, Ibon Martinekin, eta oso ondo hasi zen. Hasiera oso ondo prestatu zuela agerikoa zen. Baina gero akats txiki batzuk egin zituen eta garesti ordaindu zuen», azaldu du Txema Iriberri antolatzaileak.
Irabazleari buruz
Irabazlea oso jokalari ona dela dio. «Bere anaia Carlos hirugarren eta laugarren postuetan sailkatu da txapelketa honetan, baina Hector hobea da. Orain arte ez du Eire-Bankoan parte hartu, kanpoan egon baita ikasten. Txapelketa asko gustatu zaio eta itzuliko dela esan du».
Vesga ere itzuliko da. «Santikutz taldeko harribitxia da. Dagoeneko Lehen Mailan jokatu du».
Legazpiarrek protagonismo handia izan dute: Apaolaza autobus enpresak ematen duen Eire Saria Asier Imazek irabazi du. «Oso jokalari ona da eta txapelketako garaipen harrigarrienetako bat lortu zuen: Eire-Bankoa zortzi aldiz irabazi duen Jesus Mari Rodriguezi irabazi zion. Gainera, txapelketako argazkiak atera ditu».
Aurten ezusteko asko egon dira. «32 lagunek parte hartu dute. Azken urteetan kopuruak ez du gora egin, baina jokalarien mailak bai. Jendeak oso ondo prestatzen du txapelketa. Hala, ezusteko handiak egon dira: Carlos Legaristik Joseba Urdangarini irabazi dio, Wilson Ramirezek Mikel Zubiari, Vesga finalera heldu da… Txapelketa Internetez ematen dugu eta hemendik kanpo ere jarraitzen dute. Hau guztia ez litzateke posible izango Carlos Legaristi, Ketxus Amenabar eta Diego Bilbaoren laguntzarik gabe», amaitu du.