LegoReggae jaialdiaren bosgarrena, "anitza eta borobila"
Martxoaren 30ean egingo dute Legorretako Reggae jaialdia, bosgarren urtez. Euskal Herriko eta nazioarteko artista ugari ariko dira, tartean, Jamaikatik datorren Kabaka Pyramid kartelburua.
LegoReggae Legorretako Reggae jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten, eta antolatzaileek iragarri dituzte aurtengo kartela eta joko duten taldeen izenak. Euskal Herriko artistez gain, nazioartetik etorritako izenak ere izango dira. “Zaila izan arren, urtero maila handia mantentzen” saiatu direla diote antolatzaileek, eta bosgarren edizio donetan ere, “berezia den heinean, ez gara atzera geldituko”. Hala, “jaialdi anitza eta borobila” prestatzen saiatu direla diote, “Reggaeak dituen azpi-estiloen arteko nahasketa bilatuz eta maila handiko artistak” elkartuz. Berdintasunaren bidean, jaialdian “eraso sexistarik ez” dutela onartuko gogorarazi dute.
Jaialdia martxoaren 30ean izango da, Legorretako Harripila Kiroldegian. Sarrerak 10 euroan salduko dituzte. 18:00etan hasita, Bass Herri Sound System talde bizkaitarrak girotuko ditu herriko kaleak. Gauean berriz, Harripilan bilduko dira, 22:00etatik aurrera. Aurten joko dutenen artean, The Ladjs eta Suia & Ama Rebel taldeek osatuko dute euskal ordezkaritza. Haiekin batera, Mallorcatik (Herrialde Katalanak) datorren Hermano L (La Puta Opepe-ko kidea) ariko da. Treesha Alemanian bizi den artista Keniarra ere igoko da eskenatokian; hainbat talde ezagunekin aritu eta gero, bakaka ari da orain. Eta aurtengo kartelburua, Kabaka Pyramid izango da; Jamaikako hiriburutik datorren artista hau oihartzun handia izaten ari da nazioartean; Legorretan, The Bebble Rockers taldeak lagunduta joko du.