Olagizonen eskultura, herriari dohaintzan
Jose Luis Arzuagak ‘Olagizonen omenez’ eskultura eman dio Legazpiko herriari. Koldobike Olabide alkatearekin hitzarmena sinatu du. Piezak 3,30 metroko altuera du eta 3,5 tonako pisua.
Jose Luis Arzuagak (Legazpi, 1940) eta Koldobike Olabide alkateak hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren bitartez Arzuagak Olagizonen omenez eskultura eman dio Legazpiko herriari.
Arzuaga arotza da ofizioz eta harria lantzea gustatu izan zaio beti, baita artea ere. Legazpiri dohaintzan eman dion eskulturak 3,5 tona pisatzen ditu orain, izan ere jatorrian 12,5 tona pisatzen zituen. Harritan landu duen olagizonaren figurak 3,3 metroko altuera du eta osagarri gisa eskulturak burdinezko tenaza du. Erabili duen harria kareharria da, zuri kolorekoa.
Arzuaga 2010ean hasi zen pieza egiten eta hiru urteren buruan amaitu zuen. Hasieratik Legazpin kokatzea nahi izan du eskulturgileak.
Aurreko martxoaren 7an sinatu zuten akordioa. Sinaduran Legazpiko Udaleko idazkaria egon zen notario lanak egiteko eta Eric Galvez, Javier Iraeta eta Iñigo Imaz zinegotziak lekukoak izan ziren. Arzuagak aspaldi oparitu zion udalerriari eta hitzarmena noiz sinatu zain zegoen. Legazpiko Udaletik ez dute aurreratu eskultura non kokatuko duten, edozein modutan Arzuagak Mirandaolako parkean jar dezatela proposatu du.