Zuhaitz egunean, 48 arbola landatu dituzte Oiangura bidean
Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasleek parte hartu dute. 48 zuhaitz landare sartu dituzte Oiangura igotzeko bide ertzean.
Eguraldi politarekin egin dute gaur, Zuhaitz eguna Ordizian. Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko gaztetxoek landatu dituzte zuhaitz landareak. Batek baino gehiagok esan duenez «esperientzia berri bat» izan da eta «gustura» aritu dira.
Bi txandatan banatuta, Jakintza ikastolako ikasleak izan dira zuhaitz landare berriak landatzen aritu diren lehenak. 66 ikaslek parte hartu dute eta 09:30ean hitzordua egindako tokian zeuden lanean hasteko prest. Udal langilearen esanei jarraituta egin dituzte landaketak. Taldetan banatuta, aitzur banarekin mota desberdinetako zuhaitz landareak landatu dituzte. «Dibertigarria da» esan dute batzuk. Beste batzuk berriz, «natura errespetzen ikasteko» ere balioko diela esan dute.
Jakintzakoek haien lana bukatu eta Urdanetako 78 ikasleek hartu dute erreleboa. Urdanetakoen artean galdetu eta haietako askorentzat ere lehenengo aldia izan da horrelako zerbait egiten zutela. Aurrekoak bezala, taldeka egin dute lan: «Aitzurrarekin lurrean zuloa egin, zuhaitz landarea sartu, zuloa berriro ere ondarrez bete, ondo zapaldu eta ureztatu», horrela aritu dira. Ikasteko «asko balio» izan diela eta hemendik aurrera, landatutako arbola «zaindu eta bisitatzera joango» direla ere esan dute.
48 zuhaitz landare berri
Ordiziako Udalaren ekimenez, beste behin ere Zuhaitz eguna egin dute goizean. Helburua, herriarenak diren lur eremuetan, ondo egokitzen diren zuhaitzak landatzea da. Oiangura igotzeko bide ertzean egin dituzte landaketak. Mota desberdinetako landareak izan dira sartutakoak: pagoa (fagus sylvatica), likidanbarra (liquidambar styraciflua), alertzea (larix kaempferix) eta tuliperoa (liriodendrum tulipifera). Landare mota bakoitzetik, hamabina landare jarri dituzte, beraz, 48 guztira.