Kirola, kultura eta festa uztartuko ditu hilaren 23ko Ehunmilen Ultrafestak
Ehunmilak probetako antolakuntzak boluntarioak eskertu eta berriak erakarri nahi ditu. Haurren ibilaldirako izena eman behar da 19rako. Markeliñeren antzezlanerako sarrerak salgai daude
Urteurren borobila ospatuko du aurten Ehunmilak proiektuak, eta proiektua indartsu dagoeneko bi adierazgarri badaude aurten: lehenengo aldiz, hiru lasterketetako dortsalak dagoeneko bukatuta daudela eta martxoaren 23an, Ehunmilak proiektuaren oinarri diren boluntarioak eskertzeko Ultrafesta egingo dela. Ehunmilak Ultra-Traileko ibilbidea igarotzen den eskualdeetako kirolarien arteko erronkarekin hasiko da eguna 07:00etan: ea nork lehenago Ehunmilak probako 168 kilometroak egin, korrika egiteko zintan, 15 pertsonaz osatutako taldeetan banatuta. Bestalde, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako mendi ibilaldia ere antolatu dute, 10:00etan, Aizkorri Mendizale elkarteko boluntarioen laguntzarekin. Hilaren 19an bukatuko da izena emateko epea, ehunmilak.com webgunean.
Kirolaz gain, izango da bestelako ekintzarik. 11:00etan margoketa tailerra egingo dute plaza azpian. Adin guztietarako irekia dago tailerra eta Ehunmilekin zerikusia duen murala egingo dute Imanol Aizpuru eta Xabier Anunzibai artistek gidatuta.
Ekitaldi nagusia 12:30ean egingo da eta eguerdiko giroa Lazkaoko Jundajo txarangak alaituko du. Jan-edanerako guneak ere jarriko dituzte Bideluze plazan: euskal arrantzaleek arrantzatutako berdela parrilan erreta eta euskal txerri eta oilaskoak parrilan erreta, euskal sagardoaren laguntzarekin. Haurren gozamenerako, puzgarriak jarriko dituzte Iturralden.
Antzerkiak ere izango du lekua Ultrafestan: 16:00etan, Markeliñe taldeak Euria haurrentzako antzerki ikuskizuna eskainiko du. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Usurbe Antzokian.
Bestalde, Ehunmilak lasterketan parte hartu izan duten Javi Dominguezek, Jaione Sasietak, Imanol Alesonek, Jone Urkizuk eta Jon Aizpuruk solasaldia egingo dute plaza azpian, 16:00etan. Iluntzean, azkenik, Gernika pasealekuan, Pho-Bo (19:15) eta Tximeleta taldeen (20:15) kontzertuak izango dira.