Gazteen emantzipazioa errazteko urrats berria egin dute Zerainen
Fiare Banca Eticak eta Zerain Dezagun Fundazioak gazteentzat etxebizitzak egiteko mailegua sinatu dute. Laster hasiko dira zortzi etxebizitzak eraikitzen herri erdian
Zerainen gazteei alokairuan emateko etxebizitza sozialak egiteko urrats «garrantzitsua» egin da: Zeraingo Udalak Zerain Dezagun Fundazioari herri erdian dagoen lursail eraikigarri bat eman zion lagapenean 50 urterako. Arantza Ruiz de Larrinaga alkatearen esanetan, «lagapen honen garrantzia handia da, lursail horretan laster zortzi apartamentuko eraikina eraikiko dutelako gazteentzat alokairu sozialean». Gazteekin batera adinekoek ere izango dute bertan bizitzeko aukera, «proiektuak harremanetan eta elkar ekintzan jarri nahi baititu belaunaldi desberdinetako herritarrak».
Era horretan, Zeraingo gazteak herrian bertan gelditzea lortu nahi du udalak: «Zeraingo gazte asko inguruko herrietara bizitzera joan dela ikusita, eta gazteak herrian errotzeak herriarentzat dituen ondorio onez jabetuta, promozio berezi bat egitea erabaki genuen bi erakundeok». Hainbat urrats egin ondoren, martxoaren 1ean lagapena sinatu zuten. Era berean, Zerain Dezagun Fundazioak mailegua sinatu du Fiarerekin etxeen eraikuntza finantzatzeko.
Jaurlaritzatik 369.000 euro
Proiektuak guztira milioi erdiko kostua izango du, eta horietatik 369.000 euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik eta Ihobetik. Bioeraikuntzan oinarritutako eraikina izango da, «kontsumo txikikoa eta material ekologikoez egindakoa».
Zeraingo Udalarentzat proiektu garrantzitsua da etxebizitzena. «Herri txikietako herritarrak herrian bizitzeko politika publikoak egitea ezinbestekoa» dela uste dute Zeraingo Udalak eta Zerain Dezagun Fundazioak, eta horregatik ekin diote proiektu horri elkarlanean.
Laster hasiko dira Zeraingo zortzi etxebizitzak eraikitzen. «Etxebizitza txikiak planteatzen dira, babestutakoak eta, beraz, alokairu merkeak izango dituzte». Honela, «gazteei edota herrigunean bizi nahi duten adinekoei zuzenduak» egongo dira.
Izen-ematea
Eraikinaren diseinua «energia eraginkortasuna buruan izanda» landu dute, eta «isolamendu maila altua» izango dute, «inertzia termikoa» kontuan hartuz. Material jasangarriak erabiliko dituzte, «naturalak eta bertakoak». Izena emateko epea ere laster irekiko dutela jakinarazi du Udalak: «Interesatuta dauden herritarrek zein goierritarrek Etxebiden izena eman dezakete, horrek izen-ematea erraztuko dielako».