«Ohore bat izan da horrelako mugimendu bati ahotsa jartzea»
Angel Oiarbide goierritarra Gure Esku Dago (GED) dinamikaren aurpegia izan da sorreratik, Zelai Nikolasekin batera. Orain, GEDen etapa berriarekin batera, lekukoa hartuko diete bozeramaile berriek.
Gure Esku Dagok atzo iragarri zuenez, orain arteko bi bozeramaileok, zuk zeuk eta Zelai Nikolasek, bozeramaile izateari utziko diozue. Zergatik?
2013ko ekainaren 8an GED hasi zenean ardura bat hartu genuen bozeramaile bezala. Guretzat ohore bat izan da horrelako mugimendu bateko ahotsa jartzeko aukera izatea. Baina etapa berri bat hasten da GEDrentzat eta ikusten genuen etapa berriarekin jende berria behar zela. Zelai eta biok GEDn geldituko gara, idazkaritzan geldituko gara, baina bozeramaile berriak izango ditu etapa berriak. Martxoaren 31n jakinaraziko da, Bilboko Euskaldunako ekitaldian.
Zein sentimendurekin uzten duzu?
Oso pozik. Urte hauetan mugimendu honen bitartez bizi izan ditugun sentimenduak oso indartsuak dira. Hau entsegu bat dela esaten dugu, eta entsegua da batez ere, hasi garelako sentitzen elkarrekin zer egitera iritsi gintezkeen. Esan genuen Gure Esku Dago ez zela lelo huts bat, jarrera bat zela. Bost urte hauetan pausoak ematen aritu gara, elkarrekin zer egiteko gai izan gaitezkeen ikusten eta sentitzen.
Zer lortu da bost urteotan?
Espazio bat sortu dugu, konfiantzazko espazio bat, errezeloak gainditu ditugu eta konpromisoak sortzeko espazioa sortu dugu. Kualitatiboki garrantzitsuena izan da, oso korapilatsua zela zioten gai baten inguruan erabakitzeko eskubidea elkartu eta elkarlana sustatzeko gai izatea herritarrak.Orain dela bospasei urte tabua zen gai bati buruz haserretu gabe hitz egiteko gai garela erakutsi dugu. Gai izan gara, ardatz horren inguruan herritarrak inplikatzeko. Herritarrak ikusle izatetik, protagonista izateko pausoa eman dugu.
Hainbat tresna erabili izan dituzue.
Ikusi dugu mobilizazio antolakuntza oso indartsua izan genezakeela herritarrak elkarrekin arituta. Ikusi dugu baita ere, beste tresna batekin herri galdeketekin eskema asko puskatu ditugula. Erakutsi dugu edozein gaietaz adostu dugula, adostasunaren kultura jorratu dugula. Eta azkenean, ikusi dugu edozein gaietaz erabaki dezakegula.
Kuantitatiboki zein balorazio egiten duzue?
Hor daude zenbaki batzuk, mobilizazio oso handiak egiteko gai izan gara. Lehenengo giza katean 150.000 lagun elkartu ginen, iazkoan 175.000. Eta badago beste zifra bat, pilatzen joan dena: 218.248 pertsonek parte hartu dute guk egindako 208 galdeketetan. Beraz, kuantitatiboki ere oso emaitza potenteak dira. Emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak biak dira garrantzitsuak guretzako, baina ezinbestekoa dena da espazio bat borobildu dugula, lanean, elkarrekin pausoak emanez, herritarrak ahalduntzen, herritarrak protagonista bihurtzen. Masa eta gaitasun hau ez zegoen orain dela sei urte. Bazegoen, baina antolatu gabe zegoen.
Martxoaren 31n etapa berria hasiko du GEDk.
Gure Esku Dago ez zen aldarrikatzeko bakarrik sortu, baizik eta aldarrikatzetik gauzatzera trantsizioa egingo zuen herri dinamika bezala sortu zen, bere determinazio guztiarekin. Etapa bat 2019an bukatuko zela esaten genuen, herri hau ere beste etapa batean sartzen zelako. Bost urtean sortu dugun espazioa orain hasiko da benetako pausoak ematen. Orain ikusiko dugu herri honek zer egin dezakeen norabide horretan horrelako espazio batekin. Orain hasiko gara benetako erronkei heltzen.
Zerbait aurreratzerik badaukazu?
Euskal Herrian erabaki nahi dugun guztion arteko lankidetza bat martxan jarri nahi dugu. Gure helburua delako, erabaki ahal izateko tresna demokratikoak gureganatzea eta legeztatzea Euskal Herri osoan. Etorkizun bat ezin dugu irudikatu edozein arazo politiko edo gatazka sozialen aurrean erabakitzeko beharrezkoak diren tresna demokratikoak izan gabe. GED sortu aurretik bazen erabiltzen genuen esaldi bat: erabakitzeko eskubidea gai garrantzitsuegia da, soilik alderdi politikoen gain uzteko; ezinbestekoa da horrelako gai garrantzitsu batean herritarrak ere inplikatzea. Gaur, berriz, hau esaten dugu: erabakitzeko eskubidea gai garrantzitsuegia da GEDren esku bakarrik uzteko.
Espainiako hauteskundeak hilabete barru dira.
Esaten dute, eta hala dirudi, haize bolada txarrak datozela Espainiatik, haizete eskuindar faxista datorrela. Eta kasu horretan bi aukera daude: kikildu eta haize horrek guri ez eragiten saiatu; edo elkartuta, egoera horri aurre egiteko pausoak ematen hasi, eta egoera hori aprobetxatu. Zorionez herri honetan orain badago eremu zabal eta ireki bat, anbizio handikoa. Orain hori guztia martxan jartzea dagokigu, eta pauso sendoak ematea. Azkeneko sei urtean eztabaida sortu, eta prestatu egin gara; orain, eragiteko garaia izango da.