Abestirik ez duen Iparragirreren musa
Datorren urtean berrehun urte beteko dira Joxe Mari Iparragirre jaio zela, eta egun, berriz, haren emazte Anjela Kerexeta hil zela. Data berezi horiek baliatuta, Kerexetaren historia argitara atera nahi du Urretxuko Udalak, eta bisita gidatuak egiten hasia da.
Ozeano Atlantikoa zeharkatzen 62 egun igaro eta gero, Joxe Mari Iparragirrek euskal herritar ugari zain zituen Uruguain. Txalo eta oihu artean hartu zuten bizarduna, baina ez zihoan bakarrik, Anjela Kerexeta ezkongaiarekin joan baitzen Ameriketara. Kerexetak, ordea, ez zuen izan hain ongietorri berorik; itzal handia egiten zuen Iparragirreren gitarrak, eta Kerexeta oharkabean pasatu zen askorentzat.
Urretxuarrek harro erakusten dute Iparragirre, eta herri guztiari goi-goitik begiratzen dio udaletxe parean duen estatuatik. Kerexetaren laguntza ezinbestekoa izan zen, baina, askoren idolo izatera iristeko. Horregatik, eta Kerexeta alegiarra izan arren, hari ere aitorpena egin nahi dio Urretxuko Udalak. “Kerexetaren historia ez dugu ongi ezagutzen. Kultur arloan dabiltzan urretxuar askok ere ez dakite Anjela nor zen. Esker oneko keinua da haren historia kontatzea”, dio Miren Aranburu Hezi2de berdintasunerako zerbitzuko arduradunak. Larunbat goizetan bisita gidatuak antolatzen hasia da udala, Kerexetaren bizitza argitara ateratzeko.
Ez da erraza izan bisita gidatuak osatzeko dokumentazio lana, “ez dagoelako Kerexetari buruzko informazio askorik”, argudiatu du Idoia Luzuriaga Hezi2deko beste arduradunak. “Julen Gabiriaren Iparragirre liburuaren iturrietara jo genuen, eta han ikusi genuen Kerexetak La Vasconia Argentinako egunkariari elkarrizketa bat eskaini ziola 1897an. Horri esker, lehen pertsonan ezagutu ditugu haren pentsamenduak eta sentimenduak”.
Nerabeen filmetako ohiko arketipoa izaten da jaka beltza jantzita ibiltzen den alproja, gitarra jotzen duena eta neska guztiak txoratzen dituena. Iparragirrek ere nahikoa izan zituen pare bat akorde eta bertso 17 urteko gaztea maitemintzeko: “Larunbatero zerbitzatzen ibiltzen zen lehengusina bati laguntzera joaten nintzen Tolosara, eta hantxe ezagutu nuen”, kontatu zion Kerexetak berak Francisco Grandmontagne kazetariari. “Mutil aparta eta alaia zen, eta bertsotan gorteatu ninduen. Anjela nerea / gazte zerala diozu / gaztea eta ederra zara zu kantatzen zidan. Gurasoek ez zidaten uzten berekin ezkontzen, baina badakizu, emakumeak maitemintzen garenean…”.
Kerexetaren gurasoak ez ezik, apaizek ere ez zuten begi onez ikusten ezkontza hura. “Iparragirrek Kerexeta ezagutu zuenean, XIX. mendearen erdialdean, ordurako, jada, bazituen 35 urte, eta munduan barrena ibilia zen. Apaizak ez ziren fio harekin, beste nonbait ezkonduta egongo zen susmoa zutelako”, azaldu du Aranburuk. Ordurako, baina, Iparragirrek buruan zerabilen Ameriketara joateko ideia, eta berekin joateko eskatu zion Kerexetari: “Munduaren amaieraraino lagunduko niola esan nion, eta negar eta guzti egin zuen. Ume inozente bat nintzen ni, baina fede itsua nuen berarengan”. Kerexetak 20 urte zituenean joan ziren Iparragirre eta biak Ameriketara.
“Kultur arloan dabilenak ere ez du ongi ezagutzen
Kerexetaren historia, eta esker oneko keinua da dena kontatzea”Miren Aranburu (Hezi2deko arduraduna)
“Gaur egungo ikuspegitik zaila izan daiteke
Kerexeta ulertzea, baina ez dugu epaitu behar”Idoia Luzuriaga (Hezi2deko arduraduna)
Argentina eta Uruguai aldean ibili ziren biak, behar gorrian beti. “Joxe Mari koitadua. Txotxoloa zen negozioetarako!”, onartu zuen Kerexetak berak elkarrizketa hartan. Artaldea izan zuten lehenik, baina ardiei baino sorkuntzari egiten zion jaramon gehiago Iparragirrek, eta ihes egin zion artaldeak. Gernikako Arbola kafetegia ere zabaldu zuten gero, baina urretxuarraren eskuzabaltasuna tarteko, inor gutxik ordaintzen zuenez, itxi egin behar izan zuten, zorrek itota. “Edozer gertatuta ere, beti kantuan ibiltzen zen hura”, borobildu zuen Kerexetak.
Iparragirrek, zuzenean, sekula ez zion eskaini abestirik Kerexetari. Euskal Herriari kantatzen zion nagusiki: “XIX. mendean benetako iraultza politiko eta soziala bizi izan zuten Euskal Herrian. Antzinako erregimenetik industrializaziorako prozesua, gerra karlistak, foruen galera… Ameriketan egon arren, Iparragirrek gertutik jarraitu zuen egoera politikoa”, azaldu du Aranburuk.
Diru bilketa, etxeratzeko
Gero eta herrimin handiagoa zeukan, eta itzuli egin zen 1877an, zortzi seme-alaba eta Kerexeta bera Ameriketan utzita —haurdun zegoen—. “El Correo Español egunkariak diru bilketa bat antolatu zuen Iparragirre etxera itzul zedin. 2.000 peso inguru batu zituzten. Ez joateko eta diru horrekin gure artaldea osatzeko eskatu nion, baina ez zidan kasurik egin. Bakarbakarrik utzi ninduen”, horixe Kerexetaren hausnarketa.
Adore handiz egin zuen aurrera Kerexetak. Hala dio Argia aldizkariaren 1921eko albiste batek: “Senarra, Joxe Mari, maitemaite zuen. Haren hutsak askotan bete zituen, eta, seme-alabak bizi bidean jartzeko, senarrak baino ardura handiagoa izan zuen. Baita behar ere. Joxe Marik egiteko horietan baino gogo gehiago jartzen zuen bertso berriak asmatzen eta gitarra jotzen, eta gitarra eta bertsoak zutabe txarrak ziren etxeari eusteko”. Kerexetak, halere, azken egunera arte maite izan zuen Iparragirre. “Gaur egungo ikuspegitik ulertzeko zaila izan daiteke, baina ez dugu epaitu behar”, amaitu du Luzuriagak.