Carlos Ausserladscheider artista omenduko dute bihar azokan
Arte plastiko piezen erakusketa eta musika izango dira nagusi topaketan. Txalaparta joko dute, tartean Txanpik (Doctor Deseo). Emanaldiei Garik emango die amaiera
Legazpiko kulturzale ugari buru-belarri ibili da lanean Carlos Ausserladscheiderri (Legazpi, 1952-Iruñea, 2018) omenaldia egiteko. Lagunek eta kideek topaketa antolatu dute, non arte plastikoak eta musika izango diren nagusi, biak ala biak, Ausserladscheiderren kuttunak.
Azokan egingo dira ekitaldi nagusiak eta han bertan erakutsiko dituzte Ausserladscheiderren obrak zein Txo! Kolektiboko kideenak. Biharko topaketaren helburuetako bat artista legazpiarraren obrak biltzea zen haien katalogoa osatu ahal izateko; hala, artistaren lanak dituztenei Azokara eramateko deialdia egin zieten.
Artelanez gain, Ausserladscheiderren margolanak estu lotuta zeuden musikarekin. Areago, nabarmena zen artistak musikarekiko erakutsi zuen zaletasuna. Aitzindaria izan zen Legazpin eta hark lortutako diskoei esker garaiko legazpiar askok entzun zituzten lehendabiziko aldiz Jethro Tull banda edo Mike Olfield-en Tubullar Bells lana.
Biharko omenaldian musikak toki zentrala izango du. Kylfdj-k, Ausserladscheiderren disko bilduma eskuetan, haren biniloak jarriko ditu. Kontzertu ugari egongo dira, tartean Txanpi (Doctor Deseo) eta Gari.