Goierriko hamar muslari bikote, Lizarrako finalean
Euskal Herriko XI. Mus Txapelketaren finala bihar jokatuko da, Lizarran (Nafarroa). Abenduan hasi zen nazio mailako lehiaketa zabala bezain luzea, eta azken txanpan 128 muslari bikote ariko dira. Txapelak, garaikurrak, 3.000 euro esku-dirutan eta lau lagunentzat Karibera bidaia irabaziko dute txapeldunek. Bigarrenek, garaikurrak, 1.500 euro eta bi lagunentzat bidaia. 16. postura artekoek jasoko dute saria, dirutan (250 edo 100 euro).
Gipuzkoatik eta Nafarroatik 32na bikote sailkatu dira final handira, Nafarroa Beheretik 18, Arabatik 16, Bizkaitik 14, Lapurditik 12 eta Zuberoatik lau.
Partaideek Lizarrako Foruen Enparantzan bihar 09:00etarako egon behar dute, kreditazioa jaso eta jokoari ekiteko.