Plastikoak itsasoan sortzen duen arazoaz kontzientzia piztuko dute Lazkaon
Datorren asterako egitaraua prestatu dute, Mater Museoaren bidez eta Ioritz Barandiaran lazkaotarrak bultzatuta. 'Hondar 2050' dokumentala emango dute; haurrekin landuko dute gaia
Gizakiaren plastiko sorkuntza, xahutze eta botatze kontrolgabeak ingurumenean eta batik bat itsasoan eragiten duen kalteaz kezkatuta, hiru eguneko zikloa prestatu dute Lazkaon. Datorren asteazkenetik ostiralera, Iraunkortasunean hezten goiburupean garatuko da.
Ioritz Barandiaran lazkaotar gazteak bulzatu du ekimena, «aspalditik kontzientzia handia» baitauka itsasoko plastiko kutsaduraren gaian. Urtarril-otsailean Pasaiako Mater Museoan jardunaldi batzuetan ibili da, eta herrietara zabalduko dute hango dinamika. Lazkao da lehena.
Asteazkenean, San Benito ikastolan hitzaldiak emango dizkiete LH3, LH4 eta DBH1ekoei. Arerian, 18:30ean, Hondar 2050 dokumentalaren emanaldia egongo da gero. Han izango da Cesare Maglioni zuzendari italiarra, eta Sara Lizartza itsas biologoak eta Materreko hezitzaileak itsasoetako plastikoen kalte larriez azalpenak emango ditu.
Erreka, kutsadura bide
Ostegunean, ikastolakoekin garbiketa eta puntu ilunen identifikazioa egingo dute. «Urtero, Gazte Asanbladak Agauntza erreka garbitzen du, eta zabor piloa ateratzen da. Aukera batzuk badaude saihesteko».
Azkenik, martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Egunean, performance bat egingo dute plazan (15:00), balea isats handi bat egin eta plastikoz inguratuta.