Zeraingo Aizpeako labeak eta Mutiloako Errotatxoa, zorioneko
Madrilgo Sustapen Ministerioak diruz lagunduko ditu ondare historikoa berreskuratu eta balioa emateko. Zeraingo kasuan %75a lagunduko du diruz, eta Mutiloan % 55a
Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren albisteen zain egon dira azken asteetan Zeraingo eta Mutiloako udalak. Pasa den astearen amaieran jaso zuten entzun nahi zuten albistea: Zeraingo Aizpea meategiko labeak eta Mutiloako Errotatxo errota konpontzeko diru laguntza jasoko dute bi udalek. Bi urterako laguntzak dira eta Sustapen Ministerioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diruz lagunduko dituen hiru ondare historikoetatik bi Goierrikoak dira.
Zerainen kasuan, Aizpeako hiru labeak konpontzeko beharrezkoa diren 725.325 euroetatik
% 75 jasoko dute Madrildik. Arantza Ruiz de Larrinaga alkatearen esanetan, «Jaurlaritzak ere 75.000 euro jarriak ditu eta aldundiaren ondarea berreskuratzeko deialdira ere aurkeztuko dugu proiektua. Zeraingo Udalak % 10 jarri beharko du; bi urtean 72.532 euro. Diru hori asko da Zerain bezalako herri batentzat, eta diru laguntza gehiago lortzen saiatuko gara ate gehiago jota», gaineratu du.
Iazko deialdian ere aurkeztu zuten labeak konpontzeko proiektua Madrilgo Sustapen Ministerioan, baina Donostiako Artzai Onaren katedralak eraman zuen dirua. Dena den, «udalak apustu sendoa egin du egoera oso txarrean dauden labeak konpontzeko dirua lortzeko. Izan ere, udalak bakarrik ezinezkoa baitu horrelako diru kopurua bere gain hartzea». Honela, Artzai Onarekin katedralaren proiektua aurrera eraman zuen arkitektoarekin harremanetan jarri, Madrilgo Sustapen Ministerioko arduradunekin bilera egin eta bigarrengoan iritsi da dirua. «Oso pozik gaude».
Labeak erortzeko arriskuan
Euskal Herriaren historian garrantzi handia izan du burdinaren ustiapenak XI. mendean hasita. Zeraingo Aizpeako meategien lehenengo erreferentziak XII. mendekoak dira; 1951. urtean itxi ziren labeak. Oraindik ere, Aizpeako meategian, burdingintzaren prozesua ikus daiteke Aizpittako Adieraztegiaren laguntzarekin. 200 galerietatik gora daude bertan eta Polborina galeria bisitatu daiteke. Orain konponduko diren kiskalketa labeak XX. mende hasierakoak dira. «Burdinaren beharra hazi egin zen, eta behar hari erantzuna emateko burdina ekoizteko instalazio berriak egin ziren».
Zeraingo alkatearen esanetan, «horrelako laberik ez dago beste inon eta askotan industria ondarearen irudi bezala erabiltzen dira Zeraingo labeak, baina zaintzen ez baditugu, erori egingo dira». Konponketa lanak udazken aldera hasteko moduan izango direla aurreikusten du Zeraingo alkateak, beharrezkoak diren aurreko lanak egin ondoren: «Lanak ez dira oso luzeak aurreikusten, sei hilabetekoa- edo».
Mutiloako Errotatxoa
Mutiloan ere «oso pozik» daude Madrildik iritsitako albistearekin. Errotatxoa errota barrutik konpontzeko 339.867,39 euroko aurrekontuaren %55a Sustapen Ministeriotik. Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearen esanetan, «laguntza polita da. Eraikina kanpotik konponduta dago, orain barruko lanak egingo ditugu. Etxe pasiboa eginez errehabilitatzea da asmoa. Ez dakigu etorkizun batean eskola izango den edo ez… Erabakitzeko daukagu hori». Errotatxoren txosten arkeologikoaren arabera, XIX. mende erdialdean Casilda Lopez Davalos Zurbanorena eta Domingo Salazarren izenean zegoen errota. 1873an Jose Blas Telleriaren eskura pasatu zen; azken errotaria Jose Antonio Alustiza izan zen.