Altzelaik, Camposek eta Aranburuk Pierra Menta amaitzea lortu dute
Altzelai legazpiarrak Joseba Sarasolarekin parte hartu du eta 56. postuan gelditu dira. Igone Campos eta Jon Ander Aranburu zumarragarrak 154. postuan sailkatu dira
Joan zen astean, asteazkenetik larunbatera, mendiko eski proba ospetsuena egin zuten Frantziako Alpeetan: Pierra Menta. Hiru goierritarrek parte hartu zuten: Igor Altzelai legazpiarrak eta Igone Campos eta Jon Ander Aranburu zumarragarrek. Altzelai Joseba Sarasolarekin aritu zen eta 56. postuan sailkatu ziren. Zumarragako bikotea, berriz, 154. postuan sailkatu zen.
Zumarragarrek lehenengoz parte hartu zuten. Legazpiarrak, berriz, zazpi aldiz amaitu du proba hau. «Espero bezala aritu ginen, baina espero baino postu hobea eskuratu genuen. Izan ere, onenetako batzuk Munduko Kopako proba batean zeuden», aipatu du Altzelaik.
Oso proba gogorra da. «Oso proba teknikoa da eta desnibel handia gainditu behar da: 10.000 metro lau egunetan. Jaitsierak desnibel handikoak dira, eta Pirinioetan ez dugu halako jaitsierak egiterik».
Baina, batez ere, mendiko eskia maite dutenen festa da. «Pierra Menta mendiko eskia gustatzen zaigunon festa handia da. Herri txiki batean egiten da. Eski estazio txiki bat dute. Multinazionalek estazio handi bat egin nahi zuten eta ez zieten utzi. Kooperatiba bat dute Beaufort gazta egiteko eta Frantziako turistak bakarrik joaten dira bertara. Munduko mendiko eskiatzaile onenetako batzuk bertakoak dira. Azken egunetan 3.000 lagun inguru gerturatu ziren gu animatzera eta sekulako giroa sortu zuten. Oñati eta Ondarroatik ere jende asko joan zen eta asko animatu zuten».
Campos ere gustura ageri da. «Oso proba polita da, baina gogorra ere bai. Jaitsierak nahiko zoroak dira».