Hezkuntza eta emakumeen lan munduratzea, Caritasen ardatzak
Caritasek 'Garapenaren bidean eta gizarteratze sarean' lan egitasmoa aurkeztu du. Ehungintzako lanbide ikastaroa dute helburu. Boluntarioak behar dituzte
Goierri beheko Caritasek Garapenaren bidean eta gizarteratze sarean izenburuko urteko egitasmoa aurkeztu du, «kristau ikuspegi batetik, gizartean puri-purian dauden errealitateari buruzko begirada» azaltzeko helburuarekin. Elizaren erakundea da Caritas eta «baztertuta eta behar egoeran daudenen alde eginez, gizarte justiziaren garapena» du egiteko nagusia. Ainhoa Etxabe Goierriko Caritaseko Gizarte Langilearen esanetan, hiru ardatzen inguruan jarduten dute nagusiki: «Gizarte justizia eta guztion ongizatea sustatzea, beharra duten pertsonei laguntzea eta komunitatean solidaritatea bultzatzea».
Urteko txostena Goierriko egoera sozio-ekonomikoaren azterketa eginez hasten da. «Goierri metalaren industrian oinarrituta dagoenez, emakumeen lan munduratzea eragozten» duela ondorioztatu du Caritasek. Langabezia datuek hori erakusten dute: langabetu gehienak emakumezkoak dira (%10,39). «Egoera horrek, generoari dagokionez, ezberdintasun izugarria sortzen du».
Emakumeen egoera
Egoera horri aurre egiteko, Goierrin «arlo metalmekanikoan txertatzen ez diren produkzio aukerak» behar direla uste du Caritasek, «bailarako aukera ekonomikoak zabaltzea ahalbidetzeko». Honela, «aukera berri horiek emakumeek zuzenduak egotea» garrantzitsua ikusten dute, «baldintza berdinetan emakumearen lan munduratzea» ekartzeko. Aukera ekonomiko berri horietako bat, ehungintza merkatuan ikusten du Goierriko Caritasek: «Lehentasunez emakumezkoek beteko lituzketen ehungintza merkatuan lanpostuak sortzea ekar dezake».
Izan ere, emakumeek lanean munduratzeko aurkitzen dituzten baldintza ezberdintasunen aurrean, «emakumea marjinazio eta gizarte bazterkeriaren mugan aurkitzen dela» ikusten dute Caritasek eta Lanbidek: «Herrialdean 3 urte daramatzatenean lan eskainta bat aurkeztu behar dute paperak lortzen hasteko. Lan eskaintza hori lortzea oso zaila da beraientzat, bailarako lan eskakizunen profila ematen ez dutenez. Bailarako lan eskaintza eta emakumeek dauzkaten lan gaitasun eta ahalmenen artean haustura izugarria dago». Honela, emakumeek zuzendutako lanbide heziketa lantegi bat proposatzen du Caritasek, ehungintza arlokoa.
Egitasmo ugari
Goierriko egoera sozio ekonomikoa oinarri hartuta, hainbat lan ildo finkatu ditu. Parrokietan harrera egitea da lehenengo egitasmoa, «pertsona eta bere gaitasunetatik abiatuta, bazterkeria gainditzeko egiten den prozesua» baita. Horrekin batera, etxeko lanak edo eta zainketa lanak egin nahi dituztenen lan poltsa sortu du Caritas Goierrik: «Caritasek langilea behar duen familia zein langilea bera harremanetan jartzen ditu». Era berean, eskualde mailako zerbitzua ematen duten jantzitegi bana dute Ordizian eta Beasainen: «Gizartearen borondateari esker bailara guztirako zerbitzua ematen dute».
Hezkuntzari arreta bereziz erreparatzen diote Caritasen, «bazterkeria gainditzeko eta arazoaren oinarrian eragiteko ezinbesteko baliabidea» dela uste baitute. 108.000 euroko aurrekontua dute horretarako. Honela, hizkuntza ikastaroa eskaintzen dute: «Atzerritarrek gaztelera ikasteko ikastaroak dira. Hizkuntzaren ezagupena ezinbestekoa baita gizarteratzerakoan». Jostegintza ikastaroa ere badute Ataunen. Hiru helburu ditu: hezkuntza, aisia eta gizarteratzea. «Ataunen ematen da, astean behingo saioetan. Bertan atzerritarrak eta bertako jendeak nahasian parte hartzen du. Horra hor aberastasuna». Eta azkenik, hezkuntzarekin lotuta, eskolarako laguntza ere eskaintzen diete Legorretan eta Ataunen, eskolan zailtasunak dauzkaten adin txikikoei.
Bi lanbide ikastaro
Une honetan, baratzezaintzako lanbide ikastaroak ere eskaintzen dituzte Lazkaon eta Beasainen eta bost helburu ditu: terapia okupazionala, hizkuntzaren ezagutza hobetzea, balio, ohitura eta arauak barneratzea, baratzezaintza ikastea eta elikadura.
Emakumezkoei begira, azkenik, ehungintzako lanbide ikastaroaren proiektua ere lantzen ari dira Caritasen, «emakumezkoak lan munduan txertatzeko, beraien lan baldintzak hobetzeko eta gaitasunak handiagotzeko» helburuarekin. Horretarako, langabezia egoeran dauden emakumeak identifikatu eta hautatu, Goierri eta inguruetan ehungintza munduko enpresak eta hauen beharrak ezagutuko dituzte lehenengo. Formazioa jaso ondoren, «Lanbidek emandako 1lehenengo mailako lanbide ziurtagiria lortuko dute, enpresatan praktikak burutuz». Azkenik, lan munduratzea ahalbidetzeko laguntza eskainiko liekete.
Boluntarioen lana
Boluntarioek osatzen dituzte herrietako Caritas taldeak, eta hor gabezia sumatzen dute. «Caritasen eskaintza zabaltzen doan heinean, boluntario kopuru handiagoaren» beharra dutela nabarmendu dute, «belaunaldi erreleboa ahaztu gabe».
Hainbat jokabidek kezka sortu du Caritasen
Gizakiak inoiz ez du izan bere esku hainbeste aberastasun, aukera eta botere ekonomiko. Baina, gizartearen zati handi bat gosez eta miserian bizi da. Hausnarketa hori egiten dute Goierri beheko Caritaseko kideek, eta ildo horretan, justizia eta parekidetasuna lortzeko ahalegin guztia egin behar dela uste dute, «pertsonen eta herri bakoitzaren berezitasunaren errespetuarekin». Baina «gure inguruan, behar gehiena dutenekiko eta batez ere atzerritarrekiko diskriminazio eta mespretxu» kasuak eta egoerak gertatzen direla ohartarazi dute. Bi kasu nabarmendu dituzte: «Lana eta lan kontratua eskaini eta ez ordaintzea, eta etxebizitzak alokatzerakoan ematen den tratu desberdina».
Harrera guneak (Goierri behean)
· Ataun. Ostegunetan (19:00-20:00), San Martin auzoan.
· Beasain. Asteazkenetan (16:00-18:00). Andre Mari kalea, 19an. Hileko azkeneko asteazkenetan izan ezik.
· Idiazabal. Hileko 3. asteartean (10:00-11:00). Bikuña kalea, 2an.
· Lazkao. Ostegunetan (17:00-18:00). Elosegi kalea, 36an.
· Legorreta. Asteazkenetan (09:30-10:30), parrokian.
· Ordizia. Ostegunetan (10:00-11:00 eta 18:00-19:00), Kale Nagusiko 14. zenbakian.
· Ormaiztegi. Hileko 1. asteazkenean (18:00-19:00). San Andres, 19.
· Zegama. Hileko 1. asteazkenean (18:00-19:00). San Martin parrokian.
· Parrokoarekin hitz egin. Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo, Mutiloa, Olaberria, Zaldibia, Zerain, Ezkio, Itsaso eta Gabiria.