Inprobisatzaile laponiarrak eta euskaldunak Zaldibian ariko dira, 'Arrastoan' irekiz
Ursula Lansman eta Tuuni Partti, eta Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbio ariko dira. Tolosaldean ekoitziriko 'Arrastoan' dokumentala ere emango dute, etzi, Herri Antzokian
Sei euskaldunek eski zeharkaldia egin zuten 1974an Laponian. Espedizio «aitzindari» haren aitzakiari tirata, 45 urte geroago berriz errepikatu dute bidaia Tolosaldeko bidaiari batzuek. Herri euskaldunaren eta laponiarren arteko lotura, bat-bateko ahozko literaturan ere aurkitu dute, joik inprobisatzaileak baitaude Eskandinaviako iparraldeko samien herrian ere.
Bi ardatzak uztartu —inprobisazioa eta espedizioa—, eta Arrastoan dokumentala gorpuztu dute. Bihar Tolosan aurkeztuko dute lehenengo aldiz, eta biharamunean Zaldibian ikusteko aukera izango da. Ostiralean, 22:30ean, Zaldibiako Herri Antzokian emango dute Arrastoan.
Ez da emankizun soila izango, bat-bateko bertso eta inprobisazio laponiar jaialdia ere bai baita.
Laponiarrak euskal lurrean
Dokumentalak, hartu-emanerako bide zabalagoa ere ireki du euskaldunen eta samien artean. Pablo Dendaluzek, Iker Iriartek, Josu Iztuetak eta Aitor Ossak egin dute. Haien eskutik, Euskal Herrira etorri da Laponiako ordezkaritza bat. Gaur, Tolosan, mahai-ingurua dute, Laponiako hizkuntzaz eta kantu inprobisatuez (udaletxeko pleno aretoan, 20:00etan).
Dokumentalaren estreinaldia bihar egin, eta Zaldibiara etorriko dira ostiralean. Bertsolarien aldetik, Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbio izango dira. Bi laponiarrek erakutsiko dute Laponiako ahozko artea, Ursula Lansman eta Tuuni Partti joik inprobisatzaileek. Dokumentalaren emankizun berean ariko dira.
Bat-bateko saioa eta ikuskariaren emanaldia Pasaian errepikatuko dute, larunbatean, Albaola faktorian, 18:30ean.