Argi-Berri bertso saria martxoaren 30ean da eta txartelak salgai daude
Apirilaren 27an Gabirian jokatuko den Osinalde sariketarako puntuagarria da. Sei bertsolarik parte hartuko dute Argi-Berrin. Hurrengo kanporaketak Zaldibian eta Aztirian jokatuko dira
Bertsolari gazteen 48. Osinalde sariketaren lehen kanporaketa martxoaren 30ean, larunbata, jokatuko da Ordiziako Argi-Berri Elkartean. Egun horretan, Gabiriako Osinalde Elkartean apirilaren 27an jokatuko den finalerako txartela eskuratu ahalko dute partaideek, eta gainera, Argi Berri saria ere izango da jokoan.
Sei izango dira Ordiziako kanporaketan kantuan arituko diren bertsolari gazteak: Paule Loizaga (Sopela), Kerman Diaz (Urruña), Jokin Irastorza (Oiartzun), Eli Pagola (Hernani), Danel Olano (Getaria) eta Elixabet Etxandi (Izpura). Saio horretan sei bertsolari izango badira ere, guztira 18 izango dira Goierrin jokatuko den txapelketan parte hartuko dutenak. Argi Berrikoa 22. sariketa izango da.
Txartelak salgai
Urtero egin ohi duten moduan, aurten ere bertso saioaren aurretik afaria izango da. Hori, 20:30a aldera izango da. Afariarako txartelak salgai daude jada 25 euroren truke. Afaltzera joan nahi dutenek aldez aurretik txartelak erostea komeni da. Horretarako, interesa duten guztiek 649 011 262 telefonora deitu beharko dute.
Bertso saioari dagokionez, 23:00a aldera hasiko da. Afarian parte hartu gabe ere saioa entzutera joan nahi duenak aukera izango du.
Beste bi kanporaketa
Ordiziakoan jokatuko denaz gain, beste bi kanporaketa gehiago jokatuko dituzte, final handiaren eguna iritsi aurretik. Zaldibiako Osinberde saria izango da hurrengoa, apirilaren 6an, larunbata. Hirugarrena eta azkeneko kanporaketa berriz, Aztiri saria, Gabirian jokatuko dute apirilaren 13an, larunbata baita ere.
Argi-Berrin, Osinberden eta Aztirin sailkatzen direnak apirilaren 27an, txapela nork eraman lehiatuko dira, Osinalde Elkartean, Gabirian, iazko irabazle Txaber Altube abadiñarrari erreleboa hartzeko asmoarekin. Bigarren tokia, Argi Berri sariketako irabazle Oier Etxeberria azpeitiarrarentzat izan zen. Bertso onenaren saria, berriz, Eli Pagola hernaniarrarentzat izan zen.