Euskal Pilota Egokituko Master Cup-aren finala, Beasainen
Adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten 30 lagunek eman dute izena; Azkoitian eta Etxebarrin jokatuko dituzte kanporaketak, eta finala Beasainen izango da, apirilaren 7an.
Aurrenekoak izan zuen harrera ona ikusita, Euskal Pilota Egokituko II. Master Cup txapelketa antolatu dute aurten. Hala, beste pauso bat eman nahi dute adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonen lana eta ahalegina ikustarazteko bidean. Datozen bi asteburuetan jokatuko dituzte kanporaketak, Azkoitian eta Etxebarrin, eta finala, apirilaren 7an, Beasainen.
Adimen urritasuna duten 13 kirolarik parte hartuko dute igandean, Azkoitian jokatuko den jaialdian. Tartean lau emakume izango dira, eta hori, “oso positiboki” baloratu du antolakuntzak. Gurpildun aulkien mailan berriz, 17 lagun ariko dira, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik, eta baita Espainiatik eta Frantziatik etorritakoak ere.