Legazpitik mugitu gabe Indonesiara bidaia, Aitor Casadorekin
Legazpiarrek urtero daukate Casado herrikidearen eskutik gutxienez bidaia bat egiteko parada. Oraingoan Indonesiako irlen berri dakar. Emanaldia bihar da, kultur etxean, 19:00etan
Aitor Casadok eta bere bikotekideak Indonesian barrena bidaiatu zuten aurreko udan. Hiru aste igaro zituzten artxipelagoan. Casadok esan duenez, «lur hartu bezain azkar, aurrez imajinatu genituen irla liluragarriekin egin genuen topo, baita natura basatiarekin, antzinako ohiturekin, espiritualitatearekin eta kulturarekin ere». Casadoren hitzak bihar, 19:00etatik aurrera, Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian eskainiko duen ikus-entzunezkoaren atarikoak dira. Gehiago du kontatzeko ikus-entzuleek, bidenabar, eurek egindako bidaia dastatu dezaten.
Emanaldian, bisitatutako lau irlei buruzko xehetasunak emango ditu eta haietako bakoitzean bizi izandako pasadizoak kontatuko ditu.
Javatik hasiko da bidaia. Irlak 145 milioi biztanle ditu eta demografia dentsitate itzela, «hango errepideak zoratzeko modukoak dira». Casadok pasadizoren bat aurreratu du, «igandeak indonesiarren jai egunak dira eta milaka joaten dira tenpluetara». Igande batez Gedong Songo-ko tenplura joan ziren. Aldapa pikoa igo behar zen, batere bihurgunerik gabekoa eta haren ondorioz ibilgailu ugari matxuratuta zegoen bide ertzean. Casado eta bikotekidea oinez igo ziren tenplu sorta hinduista ikustera eta han ia ez zegoenez turistarik, «atrakzio zentroa nagusia gu geu izan ginen». Gedong Songo-ko tenpluak VII. eta IX. mendekoak dira.
Borneo eta Bali
Borneon bestelako bizipenak izan zituzten. Oihanean barrena errekan gora joan ziren barkuan eta inolako konexiorik ez zutenean egunero euren berri ematen zuten pasaporteawonderland.com blogean, Lonbok-eko lurrikarak gertatu ziren. «Senideak eta lagunak kezkatuta egon ziren». Pasadizoez gain, beti egin ohi duen bezala, herrialdean dauden bestelako arazoez mintzatuko da. Borneon, adibidez, deforestazioa arazoa handia da, «orangutan populazioari zuzenean eragiten dio».
Sulawesi irlaz aritzen denean, toraja etniako kideek eta haien heriotzari lotutako erritualez hitz egingo du. Bali irlan naturari eta tenplu hinduistei erreparatuko die, eta bide batez, hinduismoari buruz mintzatuko da.
Indonesiako gastronomia, erlijioa, bizimoduak eta ohiturak, natura, ekonomia, erronkak, arriskuak eta abarrez hitz egingo du bihar Casadok, baita Indonesiaren independentziaz ere. Herrialdea, aro kolonialean, nederlandarren mende egon zen. Barneko gatazkak ugariak izan ziren arren, indonesiarrak elkartu eta batera eman zuten independentziaren aldeko borroka. 1945ean Sukarnok independentzia deklaratu zuen.
17.000
irla. Indonesia osatzen duten irla kopurua da. Guztiek sumendietan dute jatorria. Irla handiena dira: Java, Sumatra, Kalimantan edo Borneo, Ginea Berria eta Sulawesi. Hiriburua Jakarta da. Biztanle kopurua. 255 milioi biztanle ditu Indonesiak. Bizilagun gehien dituen munduko laugarren herrialdea da.