Ehunmilak familiak eta herritarrek bat egingo dute biharko Ultrafestan
Egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte. Lau korrikalari taldek korrika egiteko zintan Ehunmilak probako ibilbidea osatuko dute. Jan-edanerako hiru gune egongo dira
Uztaileko Ehunmilak festa aurreratu da, biharko Ultrafestarekin. Hala ere, korrikalariak protagonista izan beharrean, herritarrak izango dira festaren ardatzak: Ehunmilak probak antolatzen aritzen diren boluntarioak eta festara hurbildu nahi duten herritarrak. Ehunmilen 10. urteurrenarekin bat egiten duen Ultrafestak festa batek behar dituen osagai guztiak izango ditu: musika, jan-edana, kultura eta kirola. Ehunmilak proban hainbeste zeresan ematen duen eguraldiak ere festarekin bat egingo duela dirudi, eguraldi iragarpenak eguzki borobilaren sinboloa baitu kokatuta.
Goiztiarrenak korrikalariak izango dira bihar. Ehunmilak lasterketa igarotzen den eskualdeetako lau taldek Goierri, Urola Garaia, Urola Erdia eta Debabarrena elkarren arteko erronka egingo dute: ea nork lehenago Ehunmilakeko 168 kilometroak egin, korrika egiteko zintan. Zubimuzu plazan jarriko dituzte zintak eta zinten desnibelak aldatzen joango dira ibilbideak dituen kilometroak egin arte. 15 laguneko taldeak izango dira, gutxienez, bost neskek osatuak.
Goierriren kasuan, Imanol Etxeberria, Iñaki Zubeldia, Jon Mendizabal, Laida Elizegi, Garazi Golmaio, Ibai Beloki, Maialen Cano, Iosu Imaz, David Cid, Nerea Rosado, Maider Urdangarin, Ekaitz Lekue, Aimar Lizarazu, Inacio Leon eta Koldo Agirre ariko dira.
Urola Garaiaren izenean, berriz, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Aintxine Kerejeta, Ai-nhoa Auzmendi, Asier Intxausti, Miren Zeberio, Idoia Garde, Iñaki Ganuza, Miguel Anjel Uribesalgo, Jagoba Martin, Fran Garcia, Javi Lopez, Ione Cerezo, Francisco Catalan, Aitor Dionisio, Mikel Calvo eta Juanjo Igarzabal ariko dira.
Talde irabazleak saria eta parte hartzaile guztiek oroigarri bana jasoko dute. Horrezaz gain, parte hartuko duten korrikalarien artean Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan parte hartzeko dortsalen zozketa egingo da.
Haurren ibilaldia
Bestalde, harrobiari begira, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek ere izango dute mendi ibilaldia egiteko aukera Beasain inguruan, Aizkorri Mendizale elkarteko boluntarioen laguntzarekin. Loinazko San Martin plazan hasi eta bukatuko da. Ezinbestekoa izango da ibilaldin parte hartzeko izena ematea (www.ehunmilak.com); gaur da azkeneko eguna.
Haurrei nahiz helduei zuzendutako beste ekintza bat, margoketa tailerra izango da. Ehunmilakekin zerikusia duen murala margotuko dute plaza azpian, Imanol Aizpuru eta Xabier Anuntzibai artisten gidaritzapean.
Jan-edana eta musika
Dena den, plazan, 12:30eko festaren hasiera ekitaldi ofizialaren ondoren, musikak girotuko ditu kaleak Lazkaoko Jundajo txarangarekin. Jan-edanerako Bideluze plazako eta Loinazko San Martin plazako postuak ere orduan irekiko dira. Eusko Labelen eta parrila parean esperientzia duten sukaldarien eskutik, euskal arrantzaleek arrantzatutako berdela eta euskal txerria eta oilaskoak parrilan erreta jateko aukera izango da, euskal sagardoaren laguntzarekin. Arratsaldean, berriz, Loinazko San Martin plazan egongo da postua jarrita. Euro bateko txartelak salduko dituzte.
Arratsalde partean, haurren gozamenerako, puzgarriak jarriko dituzte Iturralden eta Markeliñe taldearen Euria haurrentzako antzerki ikuskizuna izango da Usurbe Antzokian. Antzerkiaren ondoren, Ekaitz buruhandi eta erraldoien konpartsa irtengo da Bideluze plazatik eta amaieran, indarrak hartzeko, txokolate beroa hartzeko aukera izango dute.
Bazkalondoan lasai egoteko beste aukera bat ere izango da plaza azpian: Ehunmilak korrikalariekin solasaldia, Javi Dominguez, Jaione Sasieta, Imanol Aleson, Jone Urkizu eta Jon Aizpururekin.
Pho-Bo eta Tximeleta
Musikak ere izango du lekua biharko Ultrafestan. Gernika pasealekuko pilotalekuan. 19:15-ean Pho Bo taldea eta 20:15ean Tximeleta izango dira. Kontzertuek irauten duten bitartean, euskal txerriaren produktuak dastatzeko aukera izango da.
Egitaraua
· 07:00. Ehunmilak erronkaren hasiera Zubimuzu plazan.
· 10:00-12:15. Haurrentzat mendi ibilaldia Loinazko San Martin plazatik abiatuta.
· 11:00-13:00. Margoketa tailerra plaza azpian.
· 12:30. Ehunmilak UltraFesta eguneko ekitaldia plazan.
· 12:45. Kale animazioa Jundajo txarangarekin.
· 12:45-15:30. Jan eta edanerako guneen irekiera: Bideluze eta Loinazko San Martin plazan.
· 13:00-17:45. Puzgarriak Juan Iturralde plazan.
· 16:00. Haurrentzako antzerkia Usurbe Antzokian.
· 16:00-17:00. Ehunmilak probako korrikalariekin solasaldia.
· 17:30. Ekaitz Erraldoi eta Buruhaundi konpartsaren irteera.
· 18:30.Txokolate jana Loinazko San Martin plazan.
· 19:00. Ehunmilak erronkaren amaiera.
· 19:15. Pho-Bo taldearen kontzertua Gernika pasealekuko pilotalekuan.
· 20:00. Erronkaren sari banaketa ekitaldia
· 20:15. Tximeleta taldearen kontzertua Gernika pasealekuko pilotalekuan
· 19:00-22:00. Jan-edana Gernika pasealekuko pilotalekuan