Boluntarioen jai handia
Ehunmilen 10. urteurrenean, boluntarioak eskertzeko egindako Ultrafesta arrakastatsua izan da. Korrikako erronka Goierriko hamabostekoak irabazi du, 12 orduan 163,9 kilometro eginda
Ehunmilak proiektuaren altxorrak diren boluntarioak eskertzeko larunbateko Ultrafesta arrakastatsua izan zen. Mikel Valdivielso antolatzaile taldeko kidearen esanetan, «jendea biltzeko gai izan gara. Jendeak zoriondu egin gaitu, eta jendea gustura egon da». Ehunmilak probetan eguraldia izaten da protagonistetako bat eta oraingoan, Valdivielsoren hitzetan, larunbatean, «aukeran onegia egin zuen, jende asko egunpasa kanpora joan baitzen».
Goizean goizetik brasa usaina nagusitu zen Beasaingo kaleetan, Eusko Labelen eskutik. Goierritarrak haragizaleagoak direla garbi geratu omen zen, Bideluze plazako berdelak baino arrakasta handiago izan baitzuzen txerriak eta oilaskoak. Bestalde, arratsaldean, buruhandien ondoren, 400 txokolate bero edalontzi banatu zituzten, «pena izan zen, baina ez zen denentzako iritsi».
Goierri taldea irabazle
Zubimuzu plaza interesgune berezia izan zen larunbatean, 07:00etatik 19:00etara bitartean. Goierri, Urola Garaia, Urola Erdia eta Debabarrena eskualdeetako hamabosnako lau talde, korrikako zintan aritu ziren korrika, Ehunmilak lasterketako 168 kilometroak osatzeko helburuarekin. Hamabi orduan, kilometrorik gehienak Goierriko taldeak egin zituen: 163,9 kilometro; eta bigarrenak, Urola Erdiak, 162,2. «Lehia eta giro polita izan zen, dena eman zuten korrikalariek».
Haurren mendi ibilaldian ere giro polita sortu zen eta 50 haurrek hartu zuten parte, gurasoek lagunduta. Bestalde, Loinazko San Martin plaza azpian Imanol Aizpuruk eta Xabier Anunzibaik gidatuta egin zuten muralean ere, ederki pasatu zuten bertan bildutakoek.
Gernika pasealekuko pilotalekuan amaitu zen Ultrafesta, Pho Bo eta Tximeleta musika taldeekin dantzan.
Bigarren Ultrafesta?
Lehenengo Ultrafesta arrakastatsuaren ondoren, bigarrenik izango ote den galdetuta, honela erantzun du Valdivilesok: «Printzipioz ez dugu aurreikusten hurrengo urtean Ultrafesta antolatzea».
Orain, uztailaren 12tik 14ra bitartean egingo diren Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi antolatzen jarriko dituzte indarrak; inoiz baino parte hatzaile gehiago izango dituen proba izango baita hamargarrena. ?