Deskarga eta Bergara lotuko dituen autobide berria gaur irekiko dute
Gaurtik aurrera zabalik egongo da A-636 autobide berria, Antzuola eta Bergara artean. Beasaingo norabidean 10:00ak aldera zabalduko dute bidea, eta Bergara aldera, eguerdian.
Deskargako autobide berria gaur irekiko dute: Besaingo norabidean 10:00ak aldera, eta Bergara aldera, eguerdian. Bost kilometroko luzera du eta zati honekin amaitzen da Beasain-Bergara korridorearen eraikuntza. Beasaindik Bergarara 11 minututan joan ahal izango da. 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko dira egunero azpiegitura berritik.
Errepide berriaren izendapena A-636 izango da eta 23 kilometro izango ditu. Debagoiena Nafarroarekin lotuko du eta Goierri Bizkaiarekin eta Arabarekin. 25 hilabete eta 43 milioi euro behar izan dira azken zatia egiteko. Errepide berria egiteko punta-puntako teknikak erabili dituzte. Hamaika inausketa, bederatzi ezponda eta bost biaduktu egin dira. Horien garaiera 63, 21 eta 51 metrokoa da.
Urte asko zain
Goierritar askok Debagoienako enpresetan lan egiten dute eta biziki eskertuko dute Deskargako mendatea eta Antzuola eta Bergara arteko bide sigi-sagatsua saihestea.
Beasain-Bergara errepidearen eraikuntza 1990eko hamarkadan hasi zen. Lehen zatia (Beasain eta Ormaiztegi artekoa) 1998an ireki zuten. Handik zazpi urtera, 2005ean, autobidea Zumarragaraino luzatu zuten. 2012an Argixaoko tunela inauguratu zuten eta 2015ean Deskargakoa.