Deskargako autobidea zabalik
Gaur goizean zabaldu dute Deskarga eta Bergara lotzen dituen autobide zatia, Beasaingo norantzan aurrena, eta Bergaragako bidean gero. 2020ra arte doakoa izango da, baina gero bidesaria izango du, printzipioz kamioentzat, baina autoena ere ez dute baztertu.
Deskarga eta Bergara lotzen dituen autobide zatia gaur ireki dute. Lehenengo Beasaingo norabidean eta ondoren Bergara aldera. Motozikleta bat izan da autobide berritik Goierrira sartzen lehena.
Deskarga eta Bergara lotzen dituen autobide zatiak bost kilometroko luzera du eta zati honekin amaitzen da Beasain-Bergara korridorearen eraikuntza. Gaurtik, Beasaindik Bergarara 11 minututan joan ahal da. 9.000 ibilgailu baino gehiago igaroko dira egunero azpiegitura berritik.
Errepide berriaren izendapena A-636 da eta 23 kilometro ditu. Debagoiena Nafarroarekin lotzen du eta Goierri Bizkaiarekin eta Arabarekin. 25 hilabete eta 43 milioi euro behar izan dira azken zatia egiteko.
Goierritar askok Debagoienara joan beharra dute lan kontuengatik eta biziki eskertu dute obra hau. Baina dena ez da poza. Aurten autobidea doan izango da, baina datorren urtetik aurrera ordaindu egin beharko da. Aldundiak ez du zehaztu oraindik kamioiek bakarrik edo ibilgailu guztiek ordaindu beharko duten.
Bideoa: Gotzon Aranburu
KRONOLOGIA:
A-636 errepidea (lehen Gi-632 zena) egiteko lanetan mugarri izan diren datak:
- 1995ean hasi zituzten Beasain-Ormaiztegi (5,4) zatia eraikitzeko lanak
- 1998an zabaldu zuten Beasain-Ormaiztegi zatia.
- 1998an, bigarren zatiko lanak hasten ez zirela ikusita, Goierriko 18 alkatek agerraldia egin zuten, Eusko Jaurlaritzari Errepideen Plan Orokorrean zehaztutako epeak bete zitzala eskatzeko.
- 2002ko ekainean, lau urteko etenaren ondoren, hasi zituzten Ormaiztegi-Zumarraga zatiko (5,5 km) lanak
- 2005eko maiatzean inauguratu zuten Ormaiztegi-Zumarraga zatia.
- 2007an lanak hasi zituzten Urretxu-Zumarraga-Legazpi (2,1 km) zatian.
- 2011ko ekainean hasi zituzten Urretxu eta Antzuola (2,7 km) arteko lanak.
- 2012ko ekainaren 1ean zabaldu zuten Urretxu-Zumarraga-Legazpi zatia herritarrentzat
- 2013ko abenduan bat egin zuten Urretxu eta Antzuola aldetik egiten ari ziren Deskargako tunelaren zulaketek.
- 2015eko martxoan zabaldu zuten Urretxu-Antzuola zatia.
- 2017ko otsailean hasi zituzten Antzuola-Bergara zatiko (5 km) lanak.
- 2019ko martxoaren 28an zabaldu dute Antzuola-Bergara zatia.