Herri oroimenari ere omenaldia
Ataunen, iragana jakiteak oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko daukan garrantziari balioa eman diote, Inazio Munduate zenaren omenaldian. Oroimen historikoa, aspaldikoa eta berriagoa, langaitzat goraipatu dituzte.
Apirilaren 17an beteko dira bi urte Inazio Munduate Arruabarrena hil zela (Ataun, 1939 2017). Haren oroimena ondo gogoan daukate herrikideek, eta omenaldi sentitua egin zioten herenegun, Ataungo Herri Antzokia pertsonaz eta edukiz beteta. Oroimen historikoaren garrantzia une oro bistaratu zuten hizlariek, eta Munduatek berreskuratzen egindako lana goraipatu dute denek. Hala, pertsonatik abiatuta, historia berria, zaharragoa, jendearena eta herriarena biltzeak duen balioa aldarrikatu dute.
«Gizon konprometitua eta langilea» izan zen Munduate. Maitane Aizpuruak aurkeztuta, Odei Unzuetak egindako ikus-entzunezkoak errepasatu zuen haren ekarria, batik bat memoria historikoa berreskuratzeko taldean egina. «Jubilatu zenean, gurasoek eta etxekoek 1936ko gerra nola bizi izan zuten jasotzen hasi zen, eta Ataun osoaren lana osatu zuen», dio Aizpuruak.
Joxe Bikuña lagun minak egin zuen Munduateren soslaia, ikastolan, Guraso Elkartean eta udaletxean —zinegotzi izan zen— egindakoak oroituta. «Herrimina zuen, eta historia aztertzea eta herritarren eskura jartzea zaletasun», borobildu du Bikuñak.
Haizea Moreno zinegotziak eta oroimen historikoko taldekideak, hunkituta gogoratu zuen Munduate, harekin bizitakoak «momentu bereziak» dituela nabarmenduta. Aurrerantzean ere herriko historia ikertzen jarraitzeko deia egin du.
Historia liburuak kalean
Labetik atera berriak, igandeko ekitaldian erakutsi ditu udalak Lehengo eta oraingo Ataun liburuen lehen bi zenbakiak. Bilduma modura hasi dute etorkizunean ugaritzeko asmoa dagoen XVI. mendetik XXI. mendera bitarteko lanbideak liburukiak (1 zenbakia) eta Gerren zipriztinak senideak (2 zenbakia). Alaitz Imaz egileak —Inazio Munduatek bildutako informazioa apailatu du—, egindako lana eta ahalegina balioetsi du.
Munduate Dorrontsoro familiaren izenean, Aitor Urkiola suhia eta lau biloba igo ziren agertokira. Familiak jaso duen elkartasuna eskertu, eta Inaziok emandako «ikasgai ederra» gogoratu dute. Udalak lore sorta eman, eta Otsoak taldeak Agurra eta Eate abesbatzak kantu parea eskaini dizkie.
Xanti Iruretagoiena zena ere gogoan izan dute, hark egindako marrazki batek ilustratzen baititu liburuen azalak. Karmele Aierbe zinegotziari ere goraintziak eta eskerrak bidali dizkiote, oroimen historikoa gizarteratzeko langintza abiarazteagatik.
Liburuak udaletxean saldukodituzte, apirilaren 17ra arte, 5na euroan, bulego ordutegian.