Laubide auzoko aparkaleku berriak 34 plaza izango ditu
Atzo ekin zion Legazpiko Udalak proiektuari. Lursailaren azalera osoa 1.141 metro koadrokoa da. Hilabeteko epean amaituta egongo dela aurreikusi dute
Legazpiko Udala atzo hasi zen Laubideko aparkalekua egiteko lanetan, Udaleko ordezkariek esan dutenez, «auzoko urbanizazio orokorra hobetzen jarraitzeko eta kale horretan dauden aparkatzeko arazoak konpontzeko». Aparkalekua Urtatzara doan errepidearen ertzean egingo dute, bidearen eta Urtatza errekaren arteko lursailean. Aparkaleku berriak 34 toki izango dituela aurreratu dute.
Aparkalekua kokatuko duten lursailaren azalera osoa 1.141 metro koadroko da. Landare lurra erauziko dute eta, 60 zentimetroko geruza kenduta, zadorrez beteko dute. Goiko aldean asfaltoa jarriko dute zadorrak ibilgailuak aparkatu ahal izateko ezinbestekoa den trinkotasuna izan dezan.
Aparkalekuaren lanak egiteaz batera Urtatzara doan errepidea fresatu eta berriro asfaltatuko dute. Bidearen eta aparkalekuaren arteko muga asfaltoan egingo duten areka bat izango da, zintarri bat jarri eta ibilgailuentzat aparkatzerakoan tope funtzioa egingo du. Zuhaitzak landatzekoak dira, errekastoa babesteko. Zebrabidea margotuko dute Urtatzako igogailuraino iritsiko dena.
Lanak hilabetean amaituko dituzte eta aurrekontua 86.986 eurokoa da.