Loreak, Iparra eta Hegoa
Igandean Seguran egin duten lore eta landare azoka aurtengo Iparra-Hegoaren atarikoa izan da. Hasi da jada aurtengo Bidasoaren bi aldeen arteko zubigintza lana
Segura, loreak eta landareak elkar hartuta daude udaberri hasieran. Batuketa horri Iparra-Hegoa egitasmoa bildu zitzaion. Herenegun egin zuten lore eta landare merkatu berezia, non elikadura burujabea hauspotzen duten eta Euskal Herriko ekoizleen produktuak ikus eta eros daitezkeen. Azoka igandean egin zuten eta honezkero hasi da aurtengo Iparra-Hegoa.
Euskal Herriko hegoaldeko zein iparraldeko bizilagunen arteko harremanak sortu, sendotu eta bultzatu ditu egitasmoak orain 24 urte martxan jarri zutenetik. Finean, trukeari bidea ematen dioten jardunaldiak barne hartzen ditu Iparra-Hegoak.
Ikasleen bisita
Urtero Iparraldeko ikasleak iristen dira Segurara eta atzo Baionako Estitxu Robles Kolegioko ikasleei ongi etorria egin zieten goizean; Angeluko eta Miarritzeko 11 eta 12 urteko ikasleak dira. Aurtengo berrikuntza da Segurako familien etxeetan hartuko dutela ostatu. Ostiralean Etxepare Lizeoko ikasleak hartuko dituzte Seguran.
Solasaldiak, sukaldaritza, bertsolaritza, dantza, otorduak eta musika hartuko ditu Iparra-Hegoak. Eta, batez ere, uneak, elkarrekin partekatzen hasi diren une guztiak.