Ordiziako bigarren mendi maratoia egingo dute ekainaren 22an
Larraitzetik Aralarko San Migelera joan etorria egin beharko dute lasterkariek, taldeka.
Ekainaren 22an jokatuko dute Ordiziako bigarren mendi maratoia. Beste mendi maratoi batzuekin alderatuta, badu berezitasun bat Ordiziakoak. Izan ere, korrikalariak taldeka aterako dira irteeratik.
Duela 51 urte, Juanito Rubiok eta Jose Inazio Eskisabelek desafioa egin zuten. Larraitzetik abiatu, Aralar zeharkatu eta Aralarko San Migelera joan-etorria egitea zen erronka. 39 kilometroko ibilbidea zen egin beharrekoa: horietako zazpi errepidean, 12 pistan eta gainontzekoak mendian barrena. Desnibela, 2.500 metrokoa.
Egun hartan, Rubio izan zen irabazlea, 4 ordu eta 46 minutu behar izan zituen ibilbidea amaitzeko. Eskisabelek, berriz, 5 ordu eta 10 minutu egin zituen.
Istorio haren guztiaren bueltan, eta 2018a Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrena zela aprobetxatuz antolatu zuten iaz mendi maratoia lehenengo aldiz. 18 taldek parte hartu zuten eta horietako batean atera zen Juanito Rubio bera.
Bigarren edizioa, datorren ekainaren 22an izango da eta izena emateko epea zabalik dago kronoak.com atarian. Lasterketari buruz informazio gehiago jasotzeko, ordiziamaratoia@majori.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.