Osakidetzako Lehen Arretakoek greba deitu dute apirilaren 12rako
«Lehen Arreta indartsu, eraginkor eta iraunkorra» aldarrikatzen dute. Egunean 30 pazienteko agenda, jubilazioa aurreratzea eta ordezkapenak betetzea eskatzen dute
Ez ohiko irudiak ikusten dira asteazkenetan eta ostiraletan Goierriko osasun zentroen aurreetan. Osakidetzako Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deituta, osasun arloko lehen arretako langileek elkarretaratzeak egiten dituzte Lehen Arreta indartsu, eraginkor eta iraunkorraren alde goiburupean. Ordiziaren kasuan, herritarrak ere lagun izaten dituzte elkarretaratzeetan. Asteroko elkarreratzeekin batera, apirilaren 12rako greba dute deituta. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ere grebara deitu ditu Lehen Arretako langileak.
Gaixo batek osasun sisteman duen sarbidea da Lehen Arreta, «harremanik estuena eta konfiantzazkoena» izaten dena. Gizartearen zahartzeagatik, gaixo kronikoak ugaritzeagatik eta etxean artatu beharrekoengatik zerbitzuaren erabilera handitzen ari bada ere, diru inbertsioa gero eta txikiagoa dela, eta langileen lan baldintzek okerrera egin dutela diote. Honela, Lehen Arretari dagokion aurrekontua 2019an %20a gehitzea eskatzen dute eta 2021erako Munduko Osasun Erakundeak hobetsitako % 25era.
Egunean 50 paziente inguru
Beasaingo osasun zentroko Marilo Lopez medikuaren esanetan, Beasaingo anbulatorioan bederatzi mediku daude eta gaur egungo sistemarekin, mediku bakoitzak 10 minutu ditu paziente bakoitzeko: «Egun batean, sei orduko lanaldian, 50 paziente inguru artatzen ditugu». Horrek arrisku larriak dakartza pazientearentzako, akats probabilitatea eta balizko kaltearenak gora egiten duelako nabarmen. Lehen Arretako profesionalen eskaera da «egingarriak diren agendak planteatzea, 30 hitzorduetako muga gaindituko ez dituztenak». Eta era berean, «arreta zuzenekoak ez diren lanorduak aintzat hartzea, funtsezkoa baitira formakuntza, irakaskuntza, komunitate-jarduera eta ikerketarako».
Lopezen esanetan, «gaur egun kontsulta arruntez gain, zerbitzu gehiago eskaintzen ditugu, telefono arreta adibidez, edo gaixo kronikoei jarraipena. Eta horri guztiari gehitu behar zaio gizartea asko ari dela zahartzen, gero eta behar gehiago daudela». Ordubete izaten dute etxeetako pazienteak artatzeko. «Medikuarekin kontsultan gaudenean ondo artatzea nahi dugu, baina ez zaigu gustatzen itxarotea. Konfiantza irabazi dugu pazienteekin, baina kasu batzuetan errespetua ere galdu da».
«Egun batean, sei orduko lanaldian,
50 paziente inguru artatzen ditugu»«Ordezkapenak egiteko ere lagun eta erdi
daude Beasainen eta ez da nahikoa»Marilo Lopez (Medikua)
Arratsaldeko txandetan, 15:00etatik aurrera gainera, «goizeko lankideen hutsuneak betetzen ditugu eta inguruko herrietako pazienteak hartzen ditugu. Baina gurea ez da larrialdi zerbitzu bat, larrialdiak 17:00etan hasten dira». Burokrazia lana ere asko ugaldu da eta ordenagailuan ere lan asko egin behar izaten dute.
Jubilazioak, ordezkapenak
Lan gainkarga hori «estrukturala» bilakatzeko arriskua ikusten dute gainera, «jubilatzen garenean ez baitira plazak betetzen». 2026. urterako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.000 bat medikuk beteko dituzte 65 urte. Jubilazioaren adina aurreratzea ere eskatzen dute; gaur egun 67 urtekoa da. «Gu ez gara funtzionarioak, irakasleak eta ertzainak bezala, estatutarioak gara eta langile bakoitzak kontratu desberdinak ditugu».
Langileen oporraldiengatik, gaixotasunarengatik edo lanaldiaren murrizketengandik sortutako hutsegiteak ere ordezkapenik gabe uzten direla nabarmendu du Lopezek. «Ordezkapenak egiteko ere lagun eta erdi daude Beasainen eta ez da nahikoa. Ezin ditugu opor guztiak batera hartu, adibidez».
Medikurik ez dagoenaten argudioa ukatu egin du Beasaingo medikuak, eta horretarako osasun langileak kanpora joatea ekidin behar dela dio, «behin-behineko langileen egoera eta era berean guztiona hobetuz, ekipoen egonkortasuna bermatzeko». Datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2011 eta 2016 urteen artean mila medikuk baino gehiagok eskatu zuen Egokitasun Ziurtagiria, atzerrian lan egiteko gaitasuna aitortu ziena.
Mediku gehiago izateaz gain, mediku bakoitzeko erizain bat izatea ere aldarrikapenen artean daude, eta administrazio langile kopurua egokia. Azken kasu horretan adibide bat jarri du Lopezek: «Ez zaigu gustatzen makinarekin hitz egitea; makinari ezin zaio azaldu zer gertatzen zaigun».
Osasun Saila
Otsailaren 20an lehen mailako zerbitzuen kalitatea hobetzeko estrategia aurkeztu zuen Osasun Sailak. Proposatutako neurrien artean hauek daude: familia medikuentzat eta erizainentzat beste 80 lanpostu sortzea, langile bakoitzeko herritar kopurua jaitsi ahal izateko; eta lanaldiak luzatzeko aukera izatea, eta ordezkapenak egiteko kontratu egonkor malguak sortzea. Lehen Arretako plataformarentzat Osasun Sailaren egitasmoa «anbiguoa eta zehaztugabea» dela salatu du lehen arretako langileen plataformak. Zenbait asmo «positibotzat» dituen arren, uste du «urrun» daudela zerbitzu horren beharretatik.