Kirolariak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, 'Liburuak libro'-rekin
Dagoeneko 142 liburuk izango dute Beasaingo txoko batean tokia apirilaren 7an, Irakurle Taldeak eta Herri Ekimenak antolatutako Liburuak Libro egitasmoarekin. Gehiago ere izango dira, igandean bukatzen baita izena emateko epea. Izena eman nahi duenak beasainhe@gmail. com helbidera mezu bat bidali behar du, nor den eta aukeratutako liburua non utziko duen zehaztuz. Parte hartzen dutenen artean, hiru liburu sorta zozkatuko dituzte.
Gero eta gehiago dira Liburua Libro egitasmoarekin bat egiten ari diren herritarrak. Pasa den astean herriko idazleek eta bertsolariek egin zuten bezala, herriko zenbait kirolarik ekimena babestu dute eta parte hartuko dute liburu bana utziz. Horien artean daude Ane Etxezarreta, Irati Zubizarreta, Jokin Mujika, Miren Arrondo, Iñaki Azurmendi, Elena Calvillo, Koldo Agirre, Beñat Garmendia, Eneko Elosegi, Urtzi Arrondo, Jon Iglesias Txistu, Xabier Urteaga, Aizkorri Mendizale Elkartea eta Arrastaka.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ere ekimenaren berri izan dute eta bat egitea erabaki dute parte hartuz; txikitxoentzako, gazteentzako eta helduentzako liburu bana utziko dute Beasainen.
Liburuak Libro egitasmoak herriko txoko guztietara zabaldu nahi ditu liburuak eta herriko mugekin ere jolas egingo dute antolatzaileek. Honela, mugakide diren herrietako (Lazkao, Ordizia, Itsasondo, Beizama, Azpeitia, Itsaso, Ormaiztegi, Idiazabal, Olaberri) pertsona banak liburu bat utziko du dagokion herriaren eta Beasainen arteko mugan. Azpeitiak Beasainekin muga egiten duen tokian, Matxinbentan, Pako Aristi idazleak bere azken nobela, Rosa itzuli da, utziko du.