Linfedemaren inguruko ikastaroa emango du Katxalin elkarteak apirilean
Gizonei eta emakumeei zuzendutako ikastaroa da. Apirilaren 3an eta 10ean izango dira saioak Ordiziako Zuhaizti zentroan. Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea komeni da
Katxalin elkarteak Linfedema: teoria eta praktika terapeutikoa ikastaroa emango du Ordizian datozen apirilaren 3an eta 10ean. Goierriko Katxalin laguntza eta arretarako elkarteak bultzatutako lehenengo jarduera da. Josune Gomezek, drainatze linfatikoan adituak eta fisioterapeutak emango du, Zuhaizti zentroko 2 aretoan 17:00etatik 19:00etara; doakoa izango da.
Atzo goizean egin zuten ikastaroaren aurkezpena Ordiziako udalatxean; bertan ziren Iñaki Dubreuil Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Josune Gomez bera, Garbiñe Aramendi Ordiziako Katxalineko ordezkaria, Edurne Iruin Katxalineko koordinatzailea eta Marian Asenjo udaleko gizarte hezitzailea.
Tailerra praktikoa izango da eta emakumeei nahiz gizonezkoei zuzenduta dago, bularreko minbiziaren ondorioetako bat den linfedema, minbizi mota hori bezala, gizonek ere pairatzen dutelako. Linfedemari, auto-drainatze linfatikoari eta linfedemaren prebentzio eta tratamenduari buruz hitz egingo dute. Ikastaroaren helburua da, alde batetik, sistema linfatikoari irudi fisikoa jartzea da: nolakoa den, nola dagoen antolatuta eta zeintzuk diren bere funtzioak egoera ez patologikoan. Gainera, gongoilak kentzea behar duen bularra ebakuntza eta gero nola aldatu daitekeen ulertzeko xehetasunak emango dituzte. Linfedema ez agertzeko aholkuak eta zaintzak ere emango dituzte.
Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aurretik 943 24 56 08ra deituta.