Iparra-Hegoa ospatzen ari dira Seguran
Seguran XXIV. Iparra-Hegoa kultur ekitaldia ospatzen ari dira ostegunetik. Gaur goizean Euskal Herriko hainbat txokotako mendizaleak elkartu dira. Bazkarian indarrak hartu eta 16:00etan, pilota desafioa egingo dute: Etxepare Lizeoko ikasleek eta Segurako pilota eskolako pilotariek elkarrekin osatuko dituzte bikoteak. Hortik aurrera, musikak hartuko ditu Segurako kaleak eta plaza.
Igandea ere bete-betea izango da. 10:00etan, Goierriko eta Euskal Herriko hainbat txokotako 12 sukaldari talde sukalkia prestatzen hasiko dira; 16:30ean egingo da sari banaketa. 11:30ean, berriz, Goierriko eta Iparraldeko hautetsiekin ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxean.
14:00etan, Gereziondoko ekitaldia egingo dute. Aurtengo kasuan, Erreboteko obrak direla eta, aparkalekuko Josu Goiaren Iparra-Hegoa eskulturan izango da ekitaldia. Seaskako integrazio batzordeak 20 urte eta Seaskak berak 50 urte bete dituztelako, Ladix Lanounque eta Ana Erasun izango dituzte gonbidatu. Bestalde, hilberria den Josu Goia ere gogoan izango dute igandeko ekitaldian, beratarrak egindako eskulturan.
Ohi bezala, herri bazkariarekin eta Mutxiko dantzarekin amaituko dute aurtengo Iparra-Hegoa kultur ekitaldia.
EGITARAUA
Gaur
· 16:00. Pilota desafioa.
· 18:00. Kalejira aldarrikatzailea.
· Iluntzean. Taloak eta Euskal Herriko ardoen dastaketa, eta Kuxkuxtu eta Polekeleke txarangak. Ondoren, Etxepare Lizeokoei agurra.
· Gauean. Lapurdiko Iñaki taldea.Igandea
· Goizean. Animazioa herrian zehar: txistulariak, trikitilariak, dultzaina jotzaileak, albokoariak…
· 10:00. Sukalki prestaketa txapelketa.
· 11:30. Goierriko eta Iparraldeko hautetsiekin ekitaldi instituzionala udaletxean.
· 12:00. Hendaiako Akelarre dantza taldea.
· 13:00. Txakolin dastaketa.
· 14:00. Gereziondoko ekitaldia.
· 14:30. Herri bazkaria, Kuxkuxtu txarangak alaituta.
· 16:30. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa.
· 17:00. Mutxiko dantzarekin agurra.