Segurako Iparra-Hegoari amaiera emanez
Aurten Iparra-Hegoko eskultura dagoen tokian egin duten Gereziondoko ekitaldiarekin bukatu dituzte Iparra-Hegoa jaialdiko ekitaldiak.
Iparra-Hegoa ekimenaren harira, Gereziondoko ekitaldia egin dute Seguran, Iparra-Hegoa eskultura dagoen lekuan. Dantzariek eta musikariek izan dute, beste behin, ekitaldia girotzeko ardura. Seaskako integrazio batzordeak 20 urte bete ditu, eta Seaskak berak 50 egin ditu. Hori horrela, Ladix Lanounque eta Ana Erasun gonbidatu modura hizketan aritu dira. Horretaz gain, Iparra-Hegoa eskulturaren sortzailea, Josu Goia, omendu dute: artista izateaz gain, Berako (Nafarroa) alkate ere izan zen. Iazko azaroan hil zen.
Berezitasun bat izan du aurtengo Gereziondoko ekitaldiak: Segurako euskara elkarteak hitanoaren erabilera bultzatu nahi duenez, ekitaldian hika erabili dute. Herritarrei beste behin gogorarazi diete antolatzaileek Iparra-Hegoaren oinarrian dagoela iparraldekoen eta hegoaldekoen arteko harremanak indartzea. Ekitaldia bukatu ostean herri bazkaria egin dute ekintzez beteriko asteburuari amaiera emateko.