Errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari aitortza egiteko aukera
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek 'Egizu euskaraz' kanpaina aurkeztu dute. Apirilaren 15etik uztailaren 1era, hiru modu daude 2018ko zerga aitorpena egiteko
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek Egizu euskaraz! kanpaina aurkeztu dute, herritarrak 2018ko errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzeko helburuarekin. 2009an hasi ziren kanpainarekin eta Leire Artola Beasaingo zinegotziaren esanetan, «azken 9 urteetan, bikoiztu» egin da errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua. Ordizian, 2009an %8,39k aukeratu zuten errenta aitorpena euskaraz egitea eta 2017an %19,71k; Beasainen 2009an %8,29k eta iaz %19,71k; eta Lazkaon %15,52tik %27,47ra igo da. Artolak nabarmendu duenez, «Lazkaon, lau lazkatoarretatik batek jada, euskaraz» egiten du errentaren aitorpena.
Aitorpena euskaraz egiteko jarraibideekin eta terminologia hiztegiarekin, esku orriak banatu dituzte etxez etxe. Horrekin batera, euskara zerbitzuak «errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan» jarri dira eta kanpai- narekin bat egiteko eskatu diete.
2018. urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da. Hiru modu daude aitorpena egiteko eta Joxi Iturrioz Ordiziako zinegotziak gogoratu duenez , «aukeratutako bidea edozein dela ere, ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko». Horretarako, «euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez» da egin behar. Izan ere, udal ordezkarien ustez, «euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea». Izan ere, «errenta aitorpena euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena» egiten baitzaio.
2018ko errenta aitorpena
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabil daiteke euskara: Autolikidazio proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esanda; Internet bidezkoan euskarazko bertsioa jaitsita; eta mekanizatuan, hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin harremanak euskaraz nahi dituzula adierazita.
Epeak
· Autolikidazio proposamenak onartzea: apirilaren 8tik uztailaren 1era.
· Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: apirilaren 12tik ekainaren 8ra.
· Aitorpenak aurkezteko epea: apirilaren 15etik uztailaren 1era.Hitzordua eskatzeko
· Telefono bidezko laguntza: 902 10 00 40.
· Bulegoan. Foru Ogasunaren Beasaingo Bulegoan (Urbialde, 1).
· Internet bidez. www.gipuzkoa.eus/ogasuna.